Ibarrangeluk 'Kortak' kultur egitasmoa hartuko du
Eusko Jaurlaritzatik aditzera eman dutenaren arabera, Caniche Editorial SLri 20.029,27 euroko dirulaguntza ematea onartu dute, Ibarrangeluko Iturribide Etxean Kortak izeneko kultur proiektua garatu dezan. Horregaz, sorkuntza artistikoa “deszentralizatzea” bilatuko dute, ekoizpen kulturala “hiri tradizionaletakoak” ez diren publikoengana eta espazio berrietara hurreratzeko asmoz.
Kortak-ek hiru jardunaldi tematiko edukiko ditu: Itsasoa, Paisaia eta Lorategia. Jomuga nagusia lurraldearen, artearen eta kulturaren arteko “hartu-emana aztertzea” izango da, berbaldiak, pieza artistikoen aktibazioa eta tokiko komunitatearen parte hartzea uztartuz. Gainera, hiru bideo-klub saio egitea aurreikusten dute; Ainhoa Gutierrez del Pozo, Olatz Gonzalez Abrisketa, Asuncion Molinos Gordos eta Oliver Resslerren lanak jorratuko dituzte horietan, eta artisten arteko solasaldiak ere egingo dituzte.
Proiektu horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak “indartu” egin du sorkuntza garaikidea, kultur berrikuntza eta praktika artistikoen inguruko elkarlana “finkatzeko konpromisoa”.