Euskaraz ekiteko beharra plazaratu dute ikasleek
Euskararen Egunez, gaur (abenduak 3), euskararen aldeko aldarriz bete dituzte Busturialdeko herrietako txokoak hango eta hemengo ikasleek. Euskaraz aritzearren beharra plazaratu dute.
“Oldarraldiari aurre egiteko modurik onena euskaraz ekitea da”. Argi eta garbi azaldu dira gaur (abenduak 3), Euskararen Egunean, Busturialdeko ikasleak.
Gernika-Lumoko eta inguruetako ikasleak Merkatu plazan batu dira, ekitaldi bateratuan, eta bertan bildutako 650 ikasleek ez dute euskaraz aritzeko aitzakiarik falta izan. Izan ere, lau gunetan banatu dute espazioa, eta hainbat aldarri egiteko aprobetxatu dute aukera. Horma irudi bat margotu dute elkarlanean, kolore biziz eta irudi esanguratsuz jantziz: Guernica koadroaren begia eta kriseilua; zuhaitza; eguzkilorea; lauburua; edota Euskal Herrian euskaraz aritzeko deia irudikatu dituzte.

Beste espazio batean mintzodromoan murgildu dira, eta batzuek besteekin euskaraz hitz egiteko aprobetxatu dute egonaldia, beste zenbait herri kiroletan zebiltzan bitartean. Eta, laugarren espazioa euskararen aldeko adierazpenak egiteko eta marrazteko aprobetxatu dute. Izan ere, besteren artean hurrengoak irakur zitezkeen kartelak sortu dituzte ikasleek: Euskara lehen, orain eta gero; Euskaraz 365 egun; Segidu euskaraz txapie emoten; Guk, zuk, euskaraz zergatik ez?; Bihotza gurea, euskara denona.
Hain zuzen ere, azken espazio horretatik adierazi dute ikasleek urteko 365 egunak direla eurentzat Euskararen Egunak: “Gaur ospatu bai, baina bereziki aldarrikapenak egiteko aprobetxatu nahi dugu eguna. Euskaltzaleon garaia da. Indartu dezagun gazteok euskaltzaletasunaren giharra”.

Palestinarekin ere akordatu dira, han normaltasunezko bizimodua aurrera eroatea ez dela posible azpimarratuta. Egun hau, beraz, elkartasunaren erantzuna ere badela adierazi dute: “Guk hemen daukagun hizkuntza askatasuna ukatua dago han; guk hemen dugun bizitza arrunta ezinezkoa da han. Horregatik babesa helarazi nahi diegu. Izan ere, 70.000 hildako daude, eta horietatik 20.000 haurrak dira”. Hori esan eta, Xalbadorren heriotza abestu eta kantatu dute ikasleek.
Bermeoko Eleizalde Ikastolako LH1, 2 eta 3ko ikasleak herrian zehar ibili dira Bermeoko abestiak abesten, euskara uneoro ezpainetan izan dutelarik. Hain zuzen ere, Sancti Spiritus Zaharren Udal Egoitzan hasi, eta udaletxe aurretik pasatu dira, lamerara eta taraskara heldu aurretik.

Busturian, Jose Maria Uzelai Herri Eskolako ikasleek ere euskararen eguna ospatu dute, denek batera abestiak dantzatu eta prestatutako koreografiarekin emanaldia eskainiz. Horrez gain, herri kirolez, euskal bingoaz eta “aintzinako jolasez” ere gozatu dute busturitarrek.
Arratsaldean, 16:30etik aurrera, guraso elkarteak antolatutako talo eta txapa tailerrean batuko dira, eta Sustabizen eskutik herri kirolak praktikatzen jarraitzeko aukera izango dute.
Gautegiz Arteagan, berriz, goizetik ekin diote euskararen eguneko ospakizunei, Montorreko eta Haizederreko ikasleak frontoian elkartu baitira. Sokatira, harri-jasotzea, txinga eroatea… ikasleek herri kirolak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. Hamaiketakoan batu ostean, kantu eta dantza artean agurtu dute festa.
Herritarrek arratsaldean jarraituko dute ospakizunekin, Xalbadorrenetik kantamintza kantuz eta berbaz euskal kantagintzaren historiaz gozatzeko saioan batuko baitira, kultur etxean. Aurretik, helduen elkartekoek txokolatada eskainiko dute.