Sutan erre zen herriaren sua pizten segitzen dute
Atzo (abenduak 1) abiatu zuten 20. urteurreneko programazioa Astrakideek. Isiltasunez betetako eraikina okupatzeko gai izan ziren, duela bi harmarkada, eta ordutik suak piztuta dirau.
Sutan erre zen herriaren sua piztu zuten duela 20 urte. Aurretik, minaren ondorioz, isiltasunez betetako eraikina zegoen herrian, sua sortzeko fabrika: harri hondarra, horma arrakalatuak, abandonatutako ametsak… Baina beste era bateko suan sinistuta, hori piztea erabaki zuten, eta Astra okupatu zuten: “Horregatik bota genuen atea behera, sartu ginen sartu ezin zen lekura, eta eraikitzen hasi iraultza txiki baten soinu banda marabilloso bat”. Ordutik, gelditu barik jarraitu dute elkarlanean, herrigintzan, eta atzo (abenduak 1) abiatu zuten 20. urteurreneko programazioa Astran.

Astraren parte diren babesle, ekintzaile, taldekide, sortzaile… berbetatik urteurren ospakizunari ondoetorria emanda abiatu zuten egitaraua. Kanpoan “zarata asko” dagoela jakitun, “inposatuta datorren agintarien zarata asko” dagoela iritzita, martxan jarri zituzten fabrikako makinak: herri konformista baten oskolari hautsa kendu eta aurrera egin zuten. “Sormenaren poleak bueltaka, zinta garraiatzaike bat kaxa bete proiektu bideratzen eta elkarlanaren erramintak eskuan hartu genituen”.
Eta, diotenez, ordutik, urte luzetan zehar gailendu da “trenaren zarataren gainetik” bihotz handi bat taupadaka: “Paper zuria, zalantzak, gogoak, pasioa… Aldaketa erreal bihurtu dira memoria, euskara, kulturartekotasuna, feminismoa. Eraikin honen pilare zentralak dira”.

Eta, kultura sostengatzea “erresistentzia eta maitasun ekintza” bat delako, kolektiboaren indarrean sinisten dute: “Kolektiboa delako garenaren ispilua, eta denok garelako ederragoak eusten dugun momentutik”.
Ez dago ezer tristeagorik isiltasunez betetako eraikin bat baino. Eta, isiltasuna okupatzeko kapazak izan zirenetik 20 urte igaro direnez, beraiek aukeratzen dute orain zein musika jarri: “Guk aukeratzen dugu orain bozgorailutik ze musika aterako den. Sua sortzen segitzen du fabrika honek, eta zuri ere, suaren parte izateko gonbidapena luzatzen dizugu. Badakizue zer esaten dan: Su barik eztau! Eingu eta eingogu!”.
