San Isidro Kooperatiba, Lumiere, Barandiaran eta Boliña Zaharra, protagonista
Nik Gernikan Sariak banatu zituzten eguenan (azaroak 27), Lizeo Antzokian, bosgarrenez. Bertan, San Isidro Kooperatiba, Lumiere Cocept, Barandiaran Denda eta Boliña Zaharraren lanari aitortza egin zioten.
Gernika-Lumoko establezimendu eta ostalariei egindako ekarpena aitortzeko Nik Gernikan Sariak banatu zituzten iragan eguenan (azaroak 27), Lizeo Antzokian. Sarien 5. edizioa izan zen, hala nola, eta ohi modura, lau kategoriatan banatu zituzten sariak: Ibilbide komertziala, Denda Berria, Auzoko Merkataritza eta Ostalaritza goraipatuz. Aurten, San Isidro Kooperatiba, Lumiere Concept, Barandiaran Denda eta Boliña Zaharra izan dira sarituak.
“Gernika-Lumoren taupada” ospatzeko aitzakia dira Nik Gernikan Sariak, esan zutenez, ze, foru herriko herri merkataritzak “erreferente” izaten segitzen du, eta “eskualdean indartsu” dago oraindik: “Aldaketa eta erronka garaietan, Gernika-Lumoko merkataritzak eta ostalaritzak indarra, sormena eta bere burua berrasmatzeko gaitasun miresgarria erakutsi dute, euren funtsa galdu barik”. Gernikako Merkatari Elkartuak elkartekoek, herriko aukera anitzaren aurrean, etorkizunari “itxaropentsu eta harro” begiratzen diote.
Biek ala biek duten garrantziari eutsiz, tokiko merkataritzak produktu bakoitzaren atzean, “harreman hurbila, ahalegin partekatua eta lurrarekiko konpromisoa” dagoela erakusten duela nabarmendu zuten. Ostalaritzak, halaber, “elkarbizitza momentuak oparitzen” dituela aipatu, eta “garenaz gozatzeko aukera” ematen duela zehaztu zuten.
Udal ordezkariak ere hurbildu ziren, zelan ez, Lizeora, eta Jose Mari Gorroño alkateak “udalerriko merkataritzak tokiko ekonomia bultzatzeaz gain, komunitatearen gizarte kohesioa eraikitzen” ere laguntzen duela azaldu zuen. Nik Gernikan Sariek, batik bat, “establezimenduen berrikuntza, bezeroarekiko tratua eta egungo beharretara egokitzeko gaitasuna” saritzen dituztela gogoratu zuen, bestalde. Herriari egiten dion ekarpena “goraipatzekoa” dela esan zuen, sektoreak “750 lagunentzako enplegua” sortzen duelako, eta “400 establezimendu baino gehiago” daudelako udalerrian.
“Gure establezimenduak jarduera ekonomiko bat baino gehiago dira: eguneroko bizitza, nortasuna eta auzotarren arteko konfiantza sostengatzen diren tokiak dira. Giza-sare hori ezin da klik batekin ordezkatu”, esan zuen Gorroñok. Izan ere, berrogeita hamar hautagaitza baino gehiago lehiatu ziren aintzatespenak lortzeko, eta udal ordezkariek adierazi dute zifra horrek sektore horren “bizitasuna, eta zailtasunen aurrean aurrera egiteko gaitasuna” berresten duela.
Lau sari.
Gauzak horrela, hautagaitza guztien artean lau sari banatu zituzten. Alde batetik, ibilbide komertzialari egin zioten aitortza. Beste alde batetik, denden berritasunari. Auzoko merkataritzari ere behar bezalako aitzatespena egin zioten, eta osalaritza ere oso presente izan zuten.
San Isidro Kooperatibak jaso zuen ibilbide komertzialaren saria, lehenik. 1160 baserritarrek sortu zuten San Isidro Kooperatiba 1962. urtean, “prezio hobeak lortzeko asmoz”. Nahiz eta uholdeek kooperatiban ondorio handiak eragin, aurrera jarraitzeko indarra eta gogoa izan zuten; pare bat leku aldaketaren ondoren, gaur egungo kokapenera mugitu zen kooperatiba 2007an; Behekoibarrara, hain zuzen. Han, 500 metro karratuko lokala dutela azaldu zuten, eta sustrai eta landareekin lotutako bazkideeak alde batera utzi barik, etxeko gauzak eta ehungintzako elikagaiak ere saltzen dituzte. Eboluzionatu arren, “Gernika-Lumoren eta bere eskualdearen irudia irudikatzea” baloratu du epaimahaiak, saria ematerako orduan. Maria Isabel Muruagak, Maria Victoria Etxederretak, Argia Telletxeak eta Maite Gabikagogeaskoak jaso zuten saria, hala nola.

San Isidro Kooperatibako ordezkariak.
Denda berriaren saria, berriz, Lumiere Concept-entzako izan zen. Enpresa berria ez den arren (2002tik dago zabalik), hasieratik bilatu du berria dena, edo desberdina dena. “Erlaxazio eta edertasun tratamendu berritzaileekiko apustua” egiten du etengabe, eta azken urtean lokala bera ere berritu duela azaldu zuten Lizeoan. Lumiere-ren “jarrera pro-aktiboa” baloratu, eta Iraide Garciak “oso pozik” jaso zuen saria: “Eskerrik asko aitortza honegatik. Zentroari eman diogun edertasun berria ezagutzera gonbidatzen dut herria, eta bertan lan egiten dugun bost emakumeok ezagutzera”.

Iraide Garcia, Lumiere Conceptetik.
Auzoko merkataritzaren kasuan, Barandiaran Denda saritu zuten. 1990ean zabaldu zituen ateak, baina ia 30 urte pasa dira familiarteko belaunaldi aldaketa egin zutenetik. 1998an aldatu ziren gaur egungo kokapenera, Juan Kaltzadara. Geroztik, Gernika-Lumoko “etxe-tresna elektrikoen erreferentziazko puntu nagusia” izan dela esan zuten sari banaketan. Javier Barandiaranek jaso zuen saria, eta “oso eskertuta” agertu zen urtez urteko aitortzagatik.

Javier Barandiaranek jaso du Auzoko Merkataritzaren saria.
Azkenik, Gernika-Lumoko historian atzera egin zuten Lizeoan, ostalaritzaren saria banatzerakoan. Ze, Boliña Zaharra zerbait bada, hori da. Historia. 40. hamarkadaz geroztik ezaguna da jatetxea, eta 70. hamarkadan hartu zuen ‘Zaharra’-ren ezizena, Barrenkalean izen bereko hotel eta jatetxe bat ireki zenean. Gaur egun, Boliñaren hirugarren belaunaldia ari da lanean, familiarteko negozioak aurrera egin dadin. Gernika-Lumoko eta inguruko “erreferente gastronomiko” delarik, Migel Zelaiak eta Gaizka Mandalunizek jaso zuten saria. Sarituak beraien guraso eta familiaz oroitu dira, udalerriak egindako aitortzarekin bat eginez.

Boliña Zaharreko ordezkariak.