Oier Plazaren lana aitortu dute Lauaxeta Sariek, 'Popel' dokumentalagatik
Lauaxeta Sarien epaimahaiak azpimarratu du 'Popel' dokumentala "originala eta zinematografikoa" izateagatik nabarmentzen dela, eta artxiboek memoriaren berreskurapenean duten garrantziaz jabetzen duela.
Ikus-entzunezkoen kategorian saritu dute Oier Plaza 'Popel' dokumentalagatik.Bizkaiko Foru Aldundia Munduan euskararen sustapenean, hedapenean eta normalizazioan nabarmendu diren pertsonak edo kolektiboak jendaurrean aitortzea da Lauaxeta Sarien helburua, eta, ikus-entzunezkoen kategorian, aurtengo irabazleak izan dira, ex aequo, Oier Plaza Popel dokumentalagatik eta Inge Mendioroz Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako dokumentalagatik. Bestalde, sari nagusia, 2025eko Ohorezko Lauxeta saria Jose Angel Irigarai olerkariak eta Benito Lertxundi musikariak eroan dute, Bizkaia maite abestiagatik.
Plazaren lanari dagokionez, epaimahaiak azpimarratu du Popel —errautsak txekieraz— dokumentala “originala eta zinematografikoa” izateagatik nabarmentzen dela: “Gainera, erantzun zuzena eta argia ematen dio nahi baino gehiagotan entzuten den memoria gogoratzeak zertarako balio duen galderari”. Izan ere, ikus-entzunezkoak artxiboak memoriaren berreskurapenean duen garrantziaz jabetuta euren bizitzak arriskuan jarri zituzten pertsonengana hurbiltzen ditu ikusleak, 36ko gerratik, Gernikatik, Bigarren mundu Gerrako izugarrikerietaraino. “Istorio liluragarri eta konplexu hau bikain, maisutasun eta gizatasun handiz kontatuta dago”, gehitu dute epaileek.
Mendiorozen lanetik “euskal kulturaren funtsezko figuretako bat berreskuratzen” duela nabarmendu dute, “artearen, kulturaren, identitate kolektiboaren eta memoriaren munduan zeharka sakontzeaz gain”. Historian garrantzitsuak diren emakume asko historiarik desagerarazi dituztela jakitun, dokumentalak Iriondoren lana agerian jartzen duela diote: “Eta, falta diren kontakizunak eskuratuz, filmak emakume erreferenteen ezabaketa sistematiko honen inguruko hausnarketa ere sustatzen du”.
Ohorezko saria Irigaraik eta Lertxundik jaso dute, Bizkaia maite kantua egiteagatik eta euskal kulturari egindako ekapenagatik. Bizkaiak ereserkitzat duen kantua da batek idatzi eta besteak kantu bihurtu duena, lurraldearen irudia mundura zabaltzea lortu duena. “Bizkaitarron sentimenduak agerian jartzen dituelako da ereserkia bizkaitarrentzat, horien izaeraren berri ederki ematen duelako, atzoko bizkaitarren eginak goraipatzen dituelako, gaurko bizkaitarren bizipoza eta iruan nahia kantatzen dituelako, eta biharko bizkaitarren itxaropenari leihoak zabaltzen dizkiolako”, azpimarratu dute epaileek.

Ikus-entzunezkoen kategorian saritu dute Oier Plaza ‘Popel’ dokumentalagatik.Bizkaiko Foru Aldundia
Poesian ere, aitortzak.
Poesiako Lauaxeta Saria, 35 urtetik gorakoen kategorian, Elena Sanchezek jaso zuen, Epilogorik gabe poema sortagatik, eta 35 urtetik beherakoenean, Ane Labakak, Hezur berriak lanagatik.
Sanchezek “emozioen mundua zuzen eta fin tratatzea” lortu duela diote epaimahaikideek: “Batzuetan gordin; besteetan xume. Beti inguruaren oihartzunak lagundutako bidaia proposatu du desilusioaren mugetatik, heriotzaren ezpaletatik”.
Labakaren kasuan, epaimahaiak dio “eder eta apropos” jarri dizkiola berbak ama izatean bizi zuen zurrunbiloari. “Lan honetan ez dakigu noraino begiratu behar zaion hezur berriari ala hezur berria duenari, bere berbei eta berben esangurari. Begirada partikularretik begirada zabalago eta sozialago batera ere pasatzen da hainbatetan, egiaz, dotoreziaz edo egiazko dotoreziaz”.