Kulturartekotasuna oinarri eta ospakizun
30. urteurrena kulturarteko jaialdi batekin ospatu zuten Astran. Ospakizunerako tartea izan zen, baita elkarteko lehengo eta gaurko kideak batzekoa ere. Jaialdiaren balorazio "oso positiboa" egin dute antolatzaileek, "pozik" daude egunak emandakoagaz.
Gernikatik Mundura elkartearen 30. urteurreneko jaialdia Astran.Gernikatik Mundura Gernikatik Mundurak 30 urtez erein du elkartasunez eta bizitasunez sortutako kolektiboa eratzeko hazia, eta urteurrena kulturarteko jaialdi bategaz ospatu dute. Izan ere, nazioarteko hainbat jatorritako nagusi, gazte eta umeak batu ziren zapatuan (urriak 28) Astran. Eta, Gernikatik Mundura elkarteko lehengo eta gaurko kideak batzeko aukera ere izan zen hitzordua.
Elkarteko kideek esan dute “ederto” joan zela jaialdia, jende asko bertaratu zela, eta kulturartekotasuna izan zela azpimarragarriena: “Izan ere, kulturarteko jatekoa ere egon zen. Bertako produktuez gain, jateko arabiarra ere egon zen, esaterako, eta horrek sekulako arrakasta izan zuen”.

Gernikatik Mundura elkartearen 30. urteurreneko jaialdia Astran.Gernikatik Mundura
Belaunaldi ezberdinetako herritarrak ere batu zituen jaialdiak, lau urtetik 80 urtera artekoetara artekoak, eta henna tailerrean zein txapak egiten bildu ziren horietako asko, gehienak gaztetxoenak. “Denok parte hartu genuen”, diote, eta gehitu dute egonaldia girotu zuten taldeak ere nazioarteko musika eskaini zutela: euskal kantak, amazig musika, folka, edota kunbia izan zituzten, baita 80. hamarkadako kantu ezagunak ere. “Oso polita izan zen dena. Gernika inguruko gazte gehiago espero genituen, baina dena dela balorazio oso positiboa egin dugu”, esan dute.

Gernikatik Mundura elkartearen 30. urteurreneko jaialdia Astran.Gernikatik Mundura
Hala, badoaz Gernikatik Mundurakoak are eta gehiago ezagutarazten. Izan ere, euren taldera jendea gerturatzea gura dute, herritarrek ekarpenak egitea: “Ateak zabalik izango ditugu etorri gura duenarentzat”.