Berriro NKA Universitas Pecsen aurka
Lointek Gernika Bizkaiak multzokako fasean aurkari izandako NKA Universitas Pecs taldearen aurka jokatuko ditu, datozen bi asteetan, Eurocup Women txapelketaren final-hamaseirenetako partiduak.
Lointek Gernika Bizkaia Eurocup Women txapelketaren final-hamaseirenen atarian dago, eta fase horretan, multzokako aldian aurkari izandako taldeetako baten aurka jokatzea egokituko zaio: NKA Universitas Pecs. Bigarren fase oso lehiatua izango da gernika-lumotarrentzat, duela oso gutxi izan baitute hungariarren berri, eta talde sendoa bezain lehiakorra direla frogatu dutelako. Malosteko taldeak 26. postuan biribildu du lehen fasea 3-3ko garaipen balantzeagaz eta +64ko batez bestekoagaz, baina Pecs zazpigarrena izan zen, jokaturiko partidu denak poltsikoratuta (6-0) eta +146ko batez bestekoagaz.
Edozelan ere, esperantzarako nahikoa motibo badute Lucas Fernandezen jokalariek. Izan ere, Pecsen kontrako bi partiduetan, galdu arren, oso lehiakor azaldu ziren gernika-lumotarrak, eta markagailu estuak eduki zituzten neurketa biek ala biek: 62 eta 60koa, kanpoan jokaturikoak; 63 eta 66koa, Malosten. Datorren astean jokatuko dute Gernika-Lumoko norgehiagoka, eta hurrengoan, aldiz, Hungariakoa. Erasoan talde sendoa izateagatik ere, defentsa lerro zurruna da Pecsen indargunerik esanguratsuena; defentsa horri aurre egiteko erronka edukiko du Gernikak.
Gainera, Hungariarrek badakite hala multzokakoan, nola final-hamaseirenetan talde berberaren aurka jokatu behar izatea zer den: iaz gauza bera suertatu zitzaien, Gironaren kontra. Hungariarren aurkako kanporaketa irabaziz gero, balizko arerio bi edukiko lituzke Gernikak, eta biak frantziarrak: alde batetik, Angers; bestetik, ESB Villeneuve-d’Ascq.
Europako txapelketa jokatu orduko, baina, Gernikak CAB Esteponaren aurka Emakumezkoen Endesa Ligako partidua jokatu beharko du bihar [azaroak 3], eta domekan [azaroak 7], aldiz, Baxi Ferrolen kontra. Iragan asteburuko azken liga hitzorduan, Cadi La Seuren kontra 63 eta 75 galdu zuten gernika-lumotarrek.