Lehentasunezko arretako pertsonentzako enplegu-proiektu integral berriak jarriko dituzte martxan
Gaurtik [abenduak 1] aurrera eman daiteke izena Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Udalek erabaki, Lanbidek diruz lagundu, eta Behargintzak kudeatuko dituen hiru proiektuetan. Guztira 34 pertsona langabetu laneratuko dira.
Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako udalek «lehentasunezko arretako pertsonei» zuzendutako enplegu-proiektu integral berriak jarri dituzte martxan, Lanbidek sustatutako ekimenaren baitan. Atzo goizean aurkeztu zituzten, eta Nerea Hormaetxe Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzako Zuzendariak nabarmendu zuenez, «apustu eta ahalegin handia» suposatu du proiektuak aurrera ateratzeak. Izan ere, lehentasunezko arretako pertsonentzako «formazioa, orientazioa eta lan-kontratuak eskaintzen dituzte hiru proiektu integralek, eta hiru udalerrien arteko lankidetza azpimarratu zuen.
Hiru udalen artean adostu dituzte proiektuak; eurek erabaki, Lanbidek diruz lagundu, eta Behargintzak kudeatuko ditu. Proiektu integral horiei esker, langabezian dauden lehentasunezko arretako 34 pertsonak lan egiteko aukera izango dute. Maite Caruezo Bermeoko zinegotziak azaldu bezala, langabeen laneratzea sustatzea da proiektu bateratuaren helburua, horretarako «prestakuntzan eta lan esperientzian» oinarrituz. Alde batetik, Igeltzerotza eta Bide Seinalizazioa proiektua jarri dute martxan.
Sorne Rubio Mundakako alkatearen berbetan, hamabi pertsonak parte hartu ahalko dute horretan, «Bermeoko zazpik, Mundakako hiruk eta Sukarrietako bik». Espazio publikoen «hobekuntza estetikoa eta funtzionala» egiteko, Bermeon eta Mundakan hurrengo lekuetan jardungo dira beharrean: Bermeoko Ametzaga udal eraikinean, Kurtzio eta Talako Andra Mari auzoetan, Mundakako Errekan, Alkate Mallonan, hondartzako adarrean eta Atalaian. Era berean, Rubiok adierazi zuen Bermeoko eta Mundakako landa eremuak ere hobetu nahi dituztela, «oinezkoen segurtasunari arreta berezia eskainiz». Hain zuzen ere, oro har, bide segurtasuna ere hobetuko dute proiektu horri esker, seinale horizontalak erabiliz, eta horrela, «irisgarritasuna» handituz.
Iñigo Porturas Sukarrietako zinegotziak azaldu legez, lehenengo proiektuaren baitan, Bermeoko eta Mundakako hobekuntzen ildoa jarraituz, Sukarrietako hilerriko estetika hobetzeko hormak garbitu, oinezkoen segurtasuna handitzeko elizara bideko kalearen galtzada konpondu, espaloietako oztopo-zutoinak konpondu eta bide seinaleak berrituko dituzte.
Lorezaintza eta Margoketa proiektuak hamabi pertsonaren laneratzea eragingo du: Bermeoko eta Mundakako bosna langabetu eta Sukarrietako bi. Beste batzuen artean, proiektu horrekin Bermeo eta Mundakako eremu berdeen eta funtsezko zerbitzuak inguratzen dituzten berdeguneen hobekuntza lortuko dute. Sukarrietako Txatxarramendiko irlako plazatxoa apainduko dute, baita irlako panel informatiboak hobetu ere. Gainera, jarleku publikoak margotuko dituzte.
Hirugarren proiektua, berriz, Udal Artxiboen Digitalizazioa da, eta Bermeoko eta Mundakako launa langabetu eta Sukarrietako bi ariko dira zeregin horretan: «Hamar langabetu kontratatuko dira. Kasu honetan, Sukarrietako udal artxiboko dokumentalak garbitzen eta digitalizatzen, Bermeoko udalerriko funts historikoko artxiboak digitalizatzen eta Mundakako artxiboan eta idazkaritzan dauden artxiboak digitalizatzen laguntzen arituko dira».
Sei hilabetez. Gauzak horrela, proiektuan parte hartuko duten 34 pertsonei sei hilabeteko lan-kontratua egingo zaie, «%75eko jardunean», eta 60-80 orduko formazio tekniko zein profesionala eskainiko zaiela jakinarazi zuen Hormaetxek, «banakako orientazioa ere» izango dutela gehituz.
Lanbideko webgunearen bidez zein Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzan izena eman behar da.
Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako biztanleei zuzendutako proiektuak dira, eta beharrezkoa da ondorengo baldintzaren bat betetzea: luzaroko langabea izatea (gutxienez 360 egun, eta Lanbiden alta emanda), 45 urtetik gorako langabetua izatea, kualifikazio baxuko langabea izatea (DBH edo eskola garduatu maila), genero-indarkeriaren biktima izatea, diru laguntzaren bat jasotzea edo lan-merkatuan sartzeko zailtasunak izatea eta %33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortuta izatea.