Gernikako Marijesiak aurtengo errondak prestatzen hasi dira
Argazkiak: Gernikako Marijesiak. Abendua eta Gabon sasoia bertaratu ahala, Gernikako Marijesien errondak ere hurreratzen ari dira. Hori horrela, beraien aurtengo jarduna prestatu asmoz, lehendabiziko bilera informatiboa egin zuten iragan bariku iluntzean [azaroak 28]. Bertan zehaztu zituzten parte hartzaileen aurtengo betebeharrak zein dinamikak. Abenduaren 16tik 24ra bitartean girotuko dituzte, goizaldero-goizaldero, udalerriko gau isilak; aurten, Denis Azkarate, Iñaki Gonzalez, Fernando Astoreka, Ane Miren Arejita eta Alex Uriarte ariko dira bakarlari.

Argazkiak: Gernikako Marijesiak.
Hilaren 16, 19, 21 eta 24an Lurgorri aldera joko dute; 17, 20 eta 23an, ostera, Errenteriara; azkenik, 18an nahiz 22an Tiloetara. Entsegurako eguna ere iragarri zuten barikuan. Hilaren 8an (astelehena) egingo dute, 19:00retan, Andra Mari Koralaren lokalean. Bestalde, aurreratu dute azken urteotan abendu erronden inguruko doktore tesia egiten ibili den Itziar Navarro ikerlari gipuzkoarrak tesia Gernika-Lumon aurkeztuko du. Bizkaiko abendu-erronden bilakaera: diskurtsoak eta praktikak izenburupean, abenduaren 15erako (astelehena) hitzordua ipini dute: 18:30etik 20:00retara bitartean, kultur etxean, doako sarreragaz.
Ez hori bakarrik: jatorri gernika-lumotarra duen Joanes Rubiok joan den barikuan argitu zuen marijesiekin erlazionaturiko proiektu bat egiteko asmoa duela. Hala, aurtengo bederatziurreneko egun batzuetan audio grabaketa batzuk egingo ditu, egitasmo horri begira.