Gandiaga eta Urizar, txapeldun
Gandiagak eta Urizarrek irabazi dute Ajuriako Pilota Goxua Txapelketaren IV. ekitaldia.
Argazkia: Ajuriako Pilota Goxua Txapelketa. Asteburuan lehiatu dute IV. Ajuriako Pilota Goxua Txapelketaren final handia. Beste behin, txapelketak auzo bizitza eta maila handiko esku pilota uztartu ditu, eta lehiaketaren azken jardunaldia horren isla argi eta garbia izan da. Gainera, asko eduki du berezitik eta hunkigarritik. Izan ere, bai txapelketaren, bai tokiko esku pilotaren alde gogor behar egindako eta berriki zendutako Josu Laka mendexarra omendu zuten antolatzaileek.

Argazkia: Ajuriako Pilota Goxua Txapelketa.
Emoziorako tarte haren ostean, txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partiduari ekin zioten. Alde batetik, iazko txapeldun Azkarik eta Bidaburuk Goitiaren eta Kastañaresen aurka neurti behar izan zituzten indarrak. Ez zen inondik inora txapelketako norgehiagokarik gogoangarriena izan, azaldu dutenez: “Hainbat hutsegite egon dira partidu osoan zehar. Kastañares apur bat makalik igarri dugu; Goitiak, gogor saiatuagatik ere, ezin izan du markagailua 17 tantoen langatik igaro”. Azkaraik eta Bidaburuk, beren aldetik, sendotasun eta erabakigarritasun handiagoa kantxaratu zuten, hirugarren postua poltsikoratzeko balio izan ziena.
Urduritasuna, nagusi.
Jarraian iritsi zen iluntzeko une gorena: IV. aldiaren finala. Urduritasuna zen nagusi Muniozguren-Perea eta Gandiaga-Urizar bikoteen artean. Tentsio hura hauspotu egin zen, gainera, Gandiagak min hartu zuenean; pilotakada bat zabaletara jaurtitako pilotakada bati erantzuna eman guran, min hartu zuen, eta hark neurketa soan baldintzatu zuen aurrelariaren jokoa. Egoera haren aurrean, bere atzelari Urizarrek urrats bat aurrera egin zuen. Partiduaren ardura beregain hartuta, Urizar gai izan zen finalaren erritmoa ezartzeko. Esku biekin “trebe” aritu zen atzelaria: izan pilota bortitz atzeratuz, izan frontoiaren aurrealdeko koadroetan pare bat tanto biribilduz.

Argazkia: Ajuriako Pilota Goxua Txapelketa.
Muniozgurenek eta Pereak ez zuten txapela janzteko aukerarik izan. Gogor saiatu ziren lehiari eta beren mailari eusten, eta azken txanpan itxaropenerako deia piztu zitzaien, tanto sorta interesgarri bat eginda. Baina ez zen nahikoa izan, aurkarien boterearen aurrean. Azkenean, Gandiagak eta Urizarrek irabazi zuten final handia, eta jantzi zituzten garaileei dagozkien txapelak.
IV. ekitaldi gogoangarriari espero zitekeen amaierarik biribilena emanda, antolatzaileak asebeteta agertu dira, eta hala ikusleei, nola pilotariei “eskerrik beroenak” eman gura izan dizkiete. Beste behin, Ajuria udazkeneko aterpe izan da eskualdeko zein inguruko pilotazaleentzat.