Dantzatik, herritik eta euskaratik eginiko jaiak
San Andres jaien ospakizunez beteriko asteburua izan dute ibarrangelutarrek eta sukarrietarrek.
Argazkia: Sukarrietako Udala. Asteburuak utzi du gomutarako momenturik bai Ibarrangelun, bai Sukarrietan: San Andres jaietako ospakizunean bete-betean sartuta ibili dira bi udalerriotako herritarrak. Barikutik [azaroak 28] domekara [azaroak 30] bitarteko jai egitaraua eduki dute ibarrangelutarrek, eta ospakizuna euskararen aldeko aldarriagaz uztartu dute, baita kulturgintzaren aldeko hautuagaz ere.

Argazkia: Ibarrangeluko Udala.
Barikuan, Joseba Sarrionandiak herriko bertsolari izandako Simon Sam Gandarias Olanori buruzko liburu aurkezpena egin zuen kultur etxean; We Are plenty in here, Euzkadin eginak izena du idazle iurretarraren azken obrak. Zapatuan, agertoki berak aurtengo sanandresetako berritasun nagusia hartu zuen: gaztetxoei zuzendutako xake txapelketa herrikoia. Goizean zehar, zein baino zein gehiago aritu ziren xake jokoan herriko haur eta gazteak. Ostean, helduek lekukoa hartu zuten, mus txapelketa tarteko.
Domekan, sanandresek Euskararen Eguneko ospakizunekin bat egin zuten. Euskararen aldeko manifestua irakurri zuten lehenik: dantza eta ospakizuna euskaratik eta euskaraz egitea aldarrikatu zuten, Lorea Umeen Dantza Taldearen emanaldia orduko. Herrian jaiotako jaioberriek, urtero legez, oroigarria jaso zuten udal ordezkarien eskutik. Pandero-jotzaileen eta gaiteroen musikak girotu zuen eguerdiko poteo aldarte, eta umeentzako film proiekzioak biribildu zituen jaiak.
Sukarrietarrek ere erabateko dantzan ospatu zituzten San Andres jaiak, domekan. Busturiko Irrintzi Alai Dantza Taldea arduratu zen ospakizunei erritmoa ipintzeaz. Gainera, mokaduagaz indarrak berritu ondoren, Sukarrietako Kantaguneak jarraipena eman zion jaiari.