Steinmeier: "Ez dugu ahaztu nahi, eta ez dugu ahaztuko, eragindako sufrimendua"
Steimneierrek aitortu du Alemaniak "erantzukizun historikoa" duela Gernikarekin, nazien hegazkinek 1937an Gernika bonbardatu zutelako, eta hori "krimen basatia" izan zela ere adierazi du, "zuzenean herritar zibilak bonbardatu zituztelako".
Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidentea Gernika-Lumon egon da, Gernikako bonbardaketen biktimak omentzeko eta Alemania naziak bonbardaketan izandako parte hartzeagatik barkamena eskatzeko. Hala, bertatik, “bakea, askatasuna eta demokrazia” defendatzeko mezua transmititu du, eta onartu du Gernikako bonbardaketan Alemaniak izandako erantzukizuna.
Izan ere, Steimneierrek aitortu du Alemaniak “erantzukizun historikoa” duela Gernikarekin, nazien hegazkinek 1937an Gernika bonbardatu zutelako, eta hori “krimen basatia” izan zela ere adierazi du, “zuzenean herritar zibilak bonbardatu zituztelako”. Steinmeierrek gehitu du herria hondakin bihurtu zela, eta azpimarratu du “zauriak oraindik irekita” daudela eta “ez direla sendatu”.
Zuzenean “barkamen” hitza erabili barik, Alemaniako estatuburuak onartu du Europako memorian Gernika “gerraren izugarrikeria eta pertsona errugabeen zaurgarritasuna modu ezbaiezinean grabatu den lekua” dela.
Eta, esan du, biktimak omentzera Gernikara gerturatu den lehen alemaniarra izan ez bada ere, garrantzitsua dela Alemaniako presidente batek, bertatik, “bere herriaren aire erasoaren erantzukizuna” aitortzea: “Gernika umiltasunez zeharkatzen dut. Ez dugu ahaztu nahi, eta ez dugu ahaztuko, eragindako sufrimendua”. Ondorioz, “bakea, askatasuna eta demokrazia” defendatu behar direla gehitu du.
Bakearen Museora biktimekin batera egindako bisitan Gernikaren eta Alemaniako ordezkarien arteko senidetze prozesua zein “arrakastatsua eta zaila” izan zen ere entzun duela onartu du Steimenerrek. Izan ere, duela 30 urte baino gehiagotik Gernika eta Pforzheim senidetuta daude, eta horrek prozesu horretan lagundu duela uste du estatu buru alemaniarrak. “Laster bi hirietako ikasleekin jesarriko gara mahaian, belaunaldi gazteak iragana nola ikusten duten eta horrek etorkizunerako zer betebehar dakartzan eztabaidatzeko. Berriro diot, Alemania bere erantzukizun historikoaz jabetzen da, bere gain hartzen du, eta gaur, bakearen eta demokraziaren alde, eta indarkeriaren aurka borrokatzeko betebeharra sentitzen du”, adierazi du. Hala, esan du bakea existitzen ez den leku horietan hori “mantentzeko eta berrezartzeko lan egitea garrantzitsua” dela.