Hutsune esanguratsuz betetako aitortza
Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidentea Gernikan izan da, eta Gernika Memoriaren Lekukok ekitaldira ez gerturatzea erabaki du: "Steinmeier Gernikara dator Israelgo gobernu genozidarekin duen harremana zuritzera".
Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidentea Gernikan izan da. Ez da lehen aldia Alemaniak Gernikako bonbardaketaren inguruko halako keinu bat egiten duena, 1937an naziek egindako bonbardaketengatik erantzukizuna hartzeko eta barkamena eskatzeko helburuz. Baina oraingoan Felipe Borboikoa ere Gernikan izan da, Steinmeier “laguntzen”. Gainera, Steinmeierrek bisitarako aukeratu duen unea “testuinguru politikoak aginduta” datorrela uste dute. Eta, horregatik, Gernika Memoriaren Lekukok ekitaldira ez gerturatzea erabaki du: “Steinmeier Gernikara dator Israelgo gobernu genozidarekin duen harremana zuritzera”.
Ekitaldira joateko gonbidapena jaso zuten Gernika Memoriaren Lekuko elkartekoek, eta, nahiz eta Alemaniak Gernikarekin duen zor historikoaren kitapena euren lan ildo bat izan den urte luzez, ekitaldira ez joatea erabaki dute memoria elkartekoek, uste baitute testuinguru politikoak aginduta hurbildu dela Steinmeier. “Alemanek naziek juduekin egindakoaren erru bikarioa bizi dute. Hori osatzeko, Israel babestu, armatu eta lejitimatu egin dute, Palestinaren genozidioari bidea erraztuz”.
Eta, guzti hori gutxi balitz, erregea ere gerturatu dela salatu dute: “Franco hil eta hurrengo egunean Mugimendu Nazionalaren Printzipioak zin egin zuen emeritoaren semea etorri da. 1976an Gorte frankistek errege izendatu zutenaren oinordekoa; 1977ko Amnistia Legea, Azken Puntuaren legea bezala mantentzen duen estatuaren burua, errepresaliatuei eta biktimei justiziarako ukatzen duen estatua; egiarako eskubidea, errekonozimendua eta erreparazioa baztertzen duena; arduradunen erantzukizunen aitortza, biktimarioen ardura penalak izkutatu eta ukatzen dituena. Memoria Historikoaren ondorio guztien benetan ekiteari ihes egiten diona”.
Esan dutenez, Gernikako irudia “hipokresia politikoaren gailurra eta pleitesiaren irudi borragarria” dela uste dute: “Inposizioaren boterezko hipokrezia. Izan ere, Steinmeier izan da Espainiako erregea lagundu duena. Alemaniako presidenteak nahi duen adiskidetze-ekintzak Espainiako estatuburuaren presentzia ezkutatzen digu eta hori eskandalua da euskal perspektibatik”.
Estatu horren aginteak “gerra zibila” ekarri zuela gogoratu dute, eta horrek “errepresio politiko basatia” ahalbidetu zuela, “holokausto hutsa, Franco jeneralaren diktaduraren urte guztiak iraun zituena, zeina bere laguntzaileen diktadura ere izan baitzen”.
Eta, gehitu dute, 1937ko apirilaren 27tik aurrera, Gernika-Lumoko berreraikuntza “frankista, benetako bahiketa, lapurretaren eta gezurraren” bidez egin zela: “Hitzez hitz, frontetik eta frankistek okupatutako guneetatik ihesi zihoazen errefuxiatuen, zauritutako gudarien eta gernikarren gorpuen gainean eraiki zen. Urteetako erbestean oinarritu zen, kartzeletan. Memoria eta Historia horren errebindikazioa, hori guztia eta gehiago da 1937ko Gernikaren ondarea. Horren aurrean, estatu espainiarreko buruaren presentzia arbuiatu eta hatz salatzailea altxatu besterik ezin da egin, Picassok bere Guernica-n inprimatu zuen salaketaren hatz bera, eta benetako errebeldiaz ohikatu: hori zuek egin zenuten baina ez da zuena. Gernikako Askatasunaren Aldarria gurea da”.