Erregea "Gernika-Lumotik kanpora" nahi dutela aldarrikatu du Ernaik
Alemaniako presidentea eta Espainiako erregea Gernika-Lumora datoz gaur. Ernaik erregearen kontrako aldarrikapenez bete zituen herriko txoko guztiak, atzo iluntzean.
Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidentea Gernika-Lumora dator gaur. Lehenik, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin bilduko da, eta gero Gernika-Lumora joatekoa, 1937an Francisco Francok agindu eta “naziek gauzatu zuten bonbardaketan hildakoak oroitzeko” asmoz. Espainiako errege Felipe Borboikoa ere etortzekoa da Gernikara, Steinmeierrekin batera.
Horren aurrean, Ernai gazte antolakundea mobilizatu egin zen atzo iluntzean, Gernika-Lumon bertan. Izan ere, “erregea Gernikatik kanpora” nahi duten aldarrikapenez bete zituzten Merkuriotik Astrara arteko txoko guztiak. Ikurrinak izan ziren nagusi, gainera, manifestazioan. Franco hil zenetik 50 urte pasatu diren horretan, Ernaiko gazteek azaldu zuten harek “dena ondo lotuta” utzi zuela: “Erregearen figura eta espainiar batasuna inposatu zituen indarrez, eta Juan Carlon Borboikoa jarri zuen haren oinordeko lez, berak propioki aukeratuta. Euskal Herriaren nazio izaera ukatu zuten, baita nazio moduan geneukan erabakitzeko eskubidea ere”.
Juan Carlos Borboikoa duela bost urte Gernika-Lumora hurbildu zenekoa gogoratu zuten, bestalde. Ekimen horretan, erregeak hitza hartu eta “hainbat euskal hautetsik Eusko Gudariak abestu” zietela kontatu zuten, irudiak “ondo ezagunak” direla azpimarratuz. “Orduan erregeari aurre egin zitzaion moduan, gaur ere kaleak hartu ditugu ozen esateko ez dela ongi etorria gure herrian”, gaineratu zuten.

Ernaiko manifestazioa Astra kanpoaldean bukatu zen.Ernai
Erregea “antifaxismoaren sinbolo” den herrira datorrela zehaztu zuten, euren haserrea erakutsiz: “Nora eta Gernikara etorriko da. Frankisten agindupean bonbartatua eta kiskalia izan zen herrira, milaka herritar erail zituzten herrira”. Ernaiko kideek, baina, argi dute zer ordezkatzen duen horrek. Argi dute “bonbardaketako errautsen gainean eraiki zen erregimena frankistaren ondarea” ordezkatzen duela; “gure nazioaren ukapena eta espainiaren batasuna”, hala nola. Eta, horren guztiaren sinboloa erregea dela adierazi zuten.
Gazteek eta Gernika-Lumok “kontrakoa” ordezkatzen dutelaren ideiari jarraika antolatu zuten atzoko manifestazioa, ordea. Faxismoak tokirik izango ez duen herri bat nahi dutela aldarrikatu zuten bertan, “memoria historikoa eta kontzientzia antifaxista” dituztelako, hain zuzen. Horregatik, ozen eta argi esan zuten independentziaren alde borrokatuko dutela: “Gure herriaren askatasuna nahi dugu, independentzia, alegia. Ez garelako espainolak, euskaldunak garelako, eta gure buruaren jabe izan nahi dugulako”.