Bonbardaketako biktimak gogoan, esanahiz betetako ekitaldian
Steinmeierrek eta Felipe Borboikoak parte hartu dute Gernikako bonbardaketen biktimen omenezko ekitaldian. Bonbardaketako biktimekiko diosala egin du Stenmeierrek; ez, ordea, Borboikoak.
Argazkia: Irekia Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeier Gernika-Lumon dago, Gernikako bonbardaketen biktimak omentzeko eta Alemania naziak bonbardaketan izandako parte hartzeagatik barkamena eskatzeko. Beragaz batera hurreratu da udalerrira Felipe Borboikoa Espainiako erregea. Eta azken horretan jarri dituzte begiradak askok, ez zekitelako Steinmeierri bisita ofizilean laguntzera bakarrik zetorren edo adierazpenen bat egingo ote zuen. Biak ala biak Zalloko hilerrian elkartu dira, Alemaniako presidenteari Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehenedakariak harrera egin baitio aurretik, Ajuria Enean.
Gernika-Lumoko hilerrian, lore sorta bakarra jarri dute biktimak omentzeko: Alemaniako Estatuko ordezkariek eraman dute mausoleora, eta Steinmeier izan da hurbildu den bakarra. Hain zuzen ere, Steinmeierren kargua zekarren idatzita lore sortak. Hori ukitu eta diosala egin du alemaniarrak, Borboikoa atzean geldi geratu den bitartean. Aurretik, udal langile den Fernando Malaxetxebarriak Gernikako bonbardaketan San Juan Ibarrako elizan —bonbardaketan suntsitu zutena— zegoen kanpaia jo du bost aldiz, eta isiltasunez entzun dute kanpai hotsa bertan bildutakoek. Behin lore sorta utzita, minutu bateko isilunea egitekoak ziren, baita Pablo Sorozabalen Gernika kantua interpretatzekoak ere, eta azken hori bakarrik egin dute.

Ekitaldia amaitutakoan, ekitaldia abiatu aurretik egin bezala, bertan egon diren Kruzita Etxabe eta Mari Carmen Agirre bonbardaketako biktimengana gerturatu dira erregea, Stenmeier eta Pradales. Baina Etxabe eta Agirre ez dira izan bertan egon diren biktima bakarrak, Emilio Aperribai ere egon da. Zortzi hilabete zituen udalerria bonbardatu zutenean, eta gertakari horren ondorioz, erbestera joan behar izan zuela gogoratu du. Hala, hunkituta hartu du Steinmeierren keinua Aperribaik: “Alemaniako gobernuak, bere estatu buruaren bitartez, biktimak omentzeko egiten duen keinu hau eskertzen dugu. Garrantzitsua da honelakoak egitea, horrelakorik beste inon gerta ez dadin, Gazan, Ukrainan… gertatzen ari den bezala. Gainera, gerren ondorioz, jende asko erbestera joan behar izaten da, niri gertatu zitzaidan bezala. Ondorioz, horrelako omenaldia nahikoa arrazoi da hunkituta eta urduri egoteko”. Gainera, jakinarazi du eskertza gutun bat emango ziola Steinmeierri, egindako keinuagatik.
Bi estatuburuak elkartu dituen hilerriko ekitaldia solemnea eta laburra izan da, aurreikusitakoa baino ordubete eta erdi beranduago abiatu dena. Han izan dituzte zain hainbat eta hainbat ordezkari instituzional eta politiko, baita memoria elkarteetako kideak ere, tartean Gernika Gogoratuzekoak. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako foru aldundietako buruak, eta hainbat politiko izan dira: besteren artean, udalerriko Guztiontzako Herriako eta EAJko ordezkariak. EAJren EBBko presidente Aitor Esteban, PSE-EEko Eneko Andueza, EAEko PPko buru Javier de Andres eta Sumarreko ordezkari Alba Garcia ere izan dira.
EH Bilduk, ordea, ez joatea erabaki dute. Izan ere, EH Bilduk uko egin dio ekitaldian parte hartzeari, Espainiako erregearen parte hartzeagatik. “Gernika bonbardatu zutenek erregimen frankista eraikitzen lagundu zuten, eta honek, aldi berean, Felipe VI.a erregea oinordeko duen borboitar monarkia berrezarri zuen”, salatu zuten, eta “erantzukizunak hartzeko eta barkamena eskatzeko” exijitu zioten Espainiari.
Ez dira egon ezta ere, Espainiako gobernuko lehen lerroko ordezkariak. Marisol Garmendia, Espainiak Alemanian duen enbaxadorea eta Europako Batasuneko estatu idazkariak besterik ez dira izan.
EH Bildu, baina, ez da erregearen jarrera kritikatu duen bakarra izan. Aitor Esteban EAJren EBB presidenteak Steinmeierren keinua eskertu du, “berandu ailegatu dela” pentsatu arren, baina esan du ez duela Borboikoaren jarrera ulertzen: “Espainiako erregea dator udalerrira, baina ez dator Alemaniak egingo duen keinu ekintza hori egitera, laguntzaile modura baizik. Eta hori ez dugu ondo ikusten”.

Jeltzalearen esanetan, gaur egungo erregimena eta 36ko estatu kolpearen osteko diktadura ez direla gauza bera esateak ez du balio, eta Alemaniako estatuburuak egindako keinu bera egitea eskatu dio Espainiako estatuburuari: “Askotan esaten da gaurko estatuak ez daukala zerikusirik Francorekin, baina Alemaniako gobernuak ere ez dauka zerikusirik naziekin. Erregea estatuburua da, eta Alemaniak egin duen ekintza erregeak ere egin beharko luke. Urte asko pasatu dira erregea Gernikara etorri zenetik, eta etorri behar baldin bada, uste dut ganorazko zerbait egitera etorri beharko lukeela, ez bakarrik laguntzaile modura. EAEri autogobernu gehiago emateko, naziotasuna aitortzeko edota parkamena eskatzeko etorri beharko luke, baina, hainbeste urteren ostean, beste barik hona etortzeak, horren berezia den lekura, ez dauka zentzu handirik”. Izan ere, Estebanek nabarmendu du Gernika “basakerien kontrako ikur” bihurtu dela.
Hilerriko ekitaldiaren ostean, Bakearen Museoara joan dira, eta han bonbardaketen biktimekin elkartu dira berriro ere; izan ere, Alemaniako estatuburuak biktimekin bildu nahi zuen, eta hala egin du, Gernika Gogoratuz memoria elkartekoekin batera.
Gero, Foruko Baserri Maitea jatetxean bazkaldu dute, eta bertatik hitz egin du Steinmeierrek. Elkartasuna adierazi die bonbardaketaren biktimei eta haiekin museoan izan duen topaketa “oso hunkigarria” izan dela aitortu du, “euren esperientziak partekatu ahal izan dituztelako”.
Steimneierrek onartu du Alemaniak “erantzukizun historikoa” duela Gernikarekin, nazien hegazkinek 1937an Gernika bonbardatu zutelako, eta “krimen basatia” izan zela ere adierazi du.
Zuriketa.
Erregearen etorrera ez da ondo etorria izan Gernika-Lumon. Izan ere, protesta ugarik hartu dute udalerria.
Busturialdeko GKSk deituta, dozenaka gazte elkarretaratzean batu dira Merkatu plazan. Ofizialki 1937ko bonbardaketaren biktimak omentzeko den bisita Alemania eta Espainiako Gobernuen arteko “protokolozko diplomazia ariketa” dela salatu dute, agintariek Europaren “agenda gerrazalea babestu eta estatuen autoritarismoranzko joera indartzen” dutela iritzita. Horregatik, gaurko bisita “aurpegi zuriketa” legez deskribatu, eta “gerra, miseria eta heriotza etengabe sustatzen” dituztenak bakearen eta konponbidearen izenean “Gernikara ezin direla etorri” aldarrikatu dute.
Ernaik atzo arratsaldean egin zuen mobilizazioa, “erregea Gernikatik kanpora” nahi dutela aldarrikatuz. Franco hil zenetik 50 urte pasatu diren honetan, Ernaiko gazteek azaldu zuten hark “dena ondo lotuta” utzi zuela: “Erregearen figura eta espainiar batasuna inposatu zituen indarrez, eta Juan Carlon Borboikoa jarri zuen haren oinordeko legez, berak propio aukeratuta. Euskal Herriaren nazio izaera ukatu zuten, baita nazio moduan geneukan erabakitzeko eskubidea ere”.
**ARGAZKIAK: Irekia eta Gernika-Lumoko Udala