Turismo Jasangarriaren Europako gutuna berritu eta Europako Parlamentuan aurkeztu du Urremendik
Aitziber Ansotegi Urremendiko kudeatzaileak Europako Parlamentuan aurkeztu zuen Urdaibaiko Turismo Jasangarriaren Europako Gutun berritua. Gutuna berritzeko Batzorde ebaluatzaileak "tokiko eragile eta kolektibo interesdun ugarirekin eraikitako" lankidetza azpimarratu du.
Urremendik Urdaibaiko Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna berritu du, 2025-2029 aldirako dokumentua eguneratuz eta egokituz, eta hori aurkezteko aukera izan zuen Aitziber Ansotegi Urremendiko kudeatzaileak Europako Parlamentuan, EUROPARC Federazioak Bruselan antolatutako ECST Awards Ceremony 2025 sarien esparruan.
Ansotegik nabarmendu zuen TJEG dela estrategiarik egokiena Urdaibai bezalako lurralde “berezi bezain baliotsua” kudeatzeko. Gainera, akreditazioa berritzearen garrantzia ere aitortu zuen: “Oso pozik gaude TJEG berritzearekin, eta uste dugu estrategia hori dela egokiena Urdaibairentzat”. Horrez gain, eslkerrak eman zizkion EUROPARCi euren proposamena “begi onez ikusi” eta azken urteetan egiten ari diren “ahalegin kolektiboa aitortzeagatik”.
Jakinarazi dutenez, akreditazioa EUROPARCek ekainaren 3tik 5era bitartean egindako kanpo auditoria “arrakastaz” gainditu ostean berritu zuten. Izan ere, auditoria horretan, talde ebaluatzaileak eskualdeko hainbat enklabe bisitatu zituen, eta atxikitako enpresarekin bildu zen, baita TJEGko Foro Iraunkorrarekin ere. Eta, batzorde ebaluatzaileak “tokiko eragile eta kolektibo interesdun ugarirekin eraikitako” lankidetza azpimarratu du, “turismo garapen jasangarriko prozesu jarraitu bat” dagoela esanez. Halaber, 2025-2029 aldirako prestatutako Ekintza Planaren sendotasuna nabarmendu dute, 45 erakunde publiko eta pribatu baino gehiagogaz adostutakoa baita.
“TJEG berritzeak berretsi egiten du Urdaibaik tokiko balioa sortzen duen, ingurumen hezkuntza bultzatzen duen eta turismo sektorearen eta komunitatearen parte hartze aktiboa sustatzen duen turismo eredu jasangarri batekin duen konpromisoa”, adierazi dute Urremendikoek. Hala, gehitu dute Urdaibaik indartu egiten duela bere ondare natural eta kulturalari “balioa ematearekin eta naturgunearekiko sentsibilizazioarekin bat datorren” turismo kudeaketaren aldeko apustua.
“Europako erreferente”.
Berrikuntza horregaz, Urdaibai turismo jasangarrian eta kudeaketa turistiko arduratsuan “Europako erreferente” modura finkatu dela uste dute Urremendikoek, 14 herrialdetan akreditatutako 93 espazio naturaleko sarean sartu dela gehituta, atxikita dauden 1.400 enpresa eta 30 bidaia agentzia baino gehiagogaz batera. “Espainiar estatuan, oro har, 29 gunek dute ziurtagiri hau, baina Urdaibai da gaur egun Bizkai, Araba eta Gipuzkoan akreditatuta dagoen naturgune bakarra”, gehitu dute.