"Inperialisten aurpegi zuriketaren aurrean" mobilizatzeko deia egin du Busturialdeko GKSk
1937ko bonbardaketaren biktimak omentzeko, Espainiako erregea eta Alemaniako presidentea Gernika-Lumon izango dira barikuan, Imanol Pradales Lehendakariarekin batera. Eta ekitaldiak "aurpegi zuriketarako" balio duela iritzita, elkarretaratzea deitu du Busturialdeko GKSk biharko (azaroak 28): 11:00etan, Merkatu plazan.
Barikuan Felipe Vi.a Espainiako erregea eta Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidentea Gernika-Lumon izango dira, Imanol Pradales Lehendakariarekin batera. Izan ere, bisita 1937ko bonbardaketaren biktimak omenduko dituzte. Ekitaldi hori, baina, “aurpegi zuriketa bat” baino ez dela diote Busturialdeko Gazte Kontseilu Sozialistakoek: “Ekitaldia Espainiako eta Alemaniako Gobernuaren arteko elkargunea izango da, protokolozko diplomazia ariketa bat. Agintari horiek Europaren agenda gerrazalea babestu eta estatuen autoritarismoranzko joera indartzen dute. Gainera, gero eta hedapen handiagoa duten diskurtso faxistak elikatzen dituzte. Eta, gerra, miseria eta heriotza etengabea sustatzen duten horiek ezin dira bakearen eta konponbidearen izenean Gernikara etorri”. Hala, bihar (azaroak 28) elkarretaratzea egingo dute 11:00etan, Merkatu plazan.
Izan ere, uste dute Espainiako erregea Gernikako bonbardaketa “agindu eta urte luzez diktadura militarrez gobernatu zuen frankismoaren jarraipena” dela. “Ze, 78ko erregimena frankismoaren egitura ekonomiko eta hainbat aginte egituren jarraipena baino ez da izan. Francok berak izendatu zuen Espainiako monarkia bere oinordeko gisa eta gaur gaurkoz, Espainiako estatuko sektore erreakzionarioen erreferentzia eta sinbolo izaten jarraitzen du Borboi familiak”, argudiatu dute. Eta salatu dute 78 erregimenak “langileen zapalkuntza betikotzen” duela, eta autodeterminazio eskubidea “ukatzen” duela.
Bestalde, Alemaniako presidenteari ere erreferentzia egin diote GKSkoek, hori NATOren eta “Israelgo estatu inperialista eta sionistaren babesle fidela” dela esanda: “Hipokresia ariketa da Gernikan eraildakoak gogoratza Palestinarren erailketa babesten eta finantzatzen den bitartean. Era berean, Europaren beso armatua den, NATOren gidaritza hartzeko hautagaitza nagusietako bat da Alemania momentu honetan”.
Horrelako ekimenek instituzioen eta euren agintarien “aurpegi zuriketarako” balio dutela diote, uste baitute “memoria historikoaren izenean euren aurrekoek egindako krimenak erabili nahi dituztela munduan zehar pizten dituzten gerrak estaltzeko”. Horregatik, ekimen horien eta bertan parte hartzen duten politikarien helburua salatu nahi dute, tartean Pradalesena: “Bere alderdiak industria militarrean inbertitzea bultzatzeaz aparte, gerra eta faxismoaren aurkako militantzia kriminalizatzen du. Agintari hauek normaltasunez Gernikara etortzea lotsagarria da. Ondorioz, inperialismoaren eta faxismoaren aurrean antolatzea dagokigu”.