Haurtzaro solidarioa azokak elkartasunez beteko du Merkatu plaza
Elkartasun azokan batutako dirua Kaikorrera (Kenia) bialduko dute, bertan dauden Marianita serorak Turkana umeak elikatu, euren osasuna zaindu eta hezi ditzaten.
Iparralde-Hegoalde misio taldeak, urtero legez, bigarren eskuko liburuen eta jostailuen azoka egingo du domekan (azaroak 30), Gernika-Lumoko Merkatu plazan, 12:00etatik 14:00etara bitartean. Eta, bertan batutako dirua Kaikorrera (Kenia) bialduko dute, bertan dauden Marianita serorak Turkana umeak elikatu, euren osasuna zaindu eta hezi ahal izatera.
Urdaibaiko katekesiak elkartasuna lantzeko asmoaga sortutako Haurtzaro Solidarioa proiektuak urtez urte proiektu desberdinetara bidaltzen du bildutako dirua, eta aurten Keniara joango da, eta herriko 2-6 urte bitarteko umeen bizi baldintzak hobetzera bideratuko baitute dirua; izan ere, Marianita seroren proiektuari esker bi jateko dituzte egunero, baita oinarrizko heziketa bat ere, batez ere ingelesezkoa, eta hilabetero osasun jarraipena egingo diete, guztia bake kultura batean murgilduz haur horiek.
Azken urteotan, Marianita ahizpak umeentzako jantoki- haurtzaindegien bidez, ur potzuak eta presak egin dituzte, eta klinika mugikorra jarriz, Turkanen topaguneak sortzen doazela ikasi dute, euren bizi kalitatea hobetuz.
Izan ere, Nazio Batuen Giza Garapenari buruzko azken txostenaren arabera, ingurune hori da munduko pobreenetarikoa. Erdi basamortua da, eta bertako bizilagunek 40 gradutik gorako tenperaturari aurre egin behar izaten diete. 2009tik daude han Marianita serorak, eta azpigarapen larrian egunekoagaz bizi diren artzain nomadaz osoturiko etnia txikiari laguntzen ahalegintzen dira. Ze, jakinarazi dutenez, “ezjakintasunagatik” ez dute nekazaritza lantzen, eta ondorioz, lehorteei aurre egiteko baliabide urriak dituzte.
Elkartasuna zabaltzen.
Haurtzaro Solidarioa egitasmoak “elkartasuna praktikan jartzeko” aukera ematen die katekesietako umeei, izan ere, etxean dituzten jostailuetako batzuk oparitzen dituzte, horiek berriro saltzeko eta elkartasun proiektu bat diruz laguntzeko helburuz. Proiektua 2005ean jarri zen martxan lehen aldiz, eta ordutik ikasturte bakoitzeko lehen hiruhilekoan garatu ohi da.