Kamera, terapia: bizitza irudi bihurtzen denean
Institutu garaian hartu zuen lehenengoz kamera Laura Alonso Talasacek. Batzuetan zaletasuna izan dena, besteetan terapia izan da beretzat. Bizitzako uneak islatzearen magiak bultzatzen du bermeotarra egunez eguneko irakaskuntza artistikoan aurrerapausoak ematera.
Argazkia: 31Talasac. Bermeo arrantzaleen herria izateaz gain, inspirazio-iturri ere izan daiteke sarri, herriko edota inguruko sortzaileentzat. Horietako bat da Laura Alonso Talasac (@31talasac), eta argazkilaritzaren bidez, bere herriaren eta inguruaren begirada desberdina erakusten daki. Kamera eskuan izanik, poesia artistikoa bilatzen du egunerokotasunean, eta sortutako poema sortak sare sozialetan zabaltzen ditu, batik bat, olatuen indarra, argiak harrapatzen duen unea, eta isiltasunean gordetzen diren istorioak.
Institutuan argazkilaritzarekin zerikusia zuen irakasgai batek eraman zuen Bermeon bizi den busturiarra bide artistikotik; gurasoei kamera bat eskatu, eta hori modu automatikoan erabiliz hasi zen lehenengo klik-ak egiten, “ideia askorik barik, eta kamera bat erabiltzen jakin barik”, esan duenez.
Duela gutxira arte, beraz, prestakuntza akademikorik gabe jardun izan da argazkilaria, gogoaren indarraren erakusle. Duela urtebete, ordea, Naia Ruiz eta Unai Urrestiren kurtso bat burutu zuen, zeinetan kameraren inguruan jakin gabeko ezaugarriak barneratzeko aukera izan zuen. “Dena zor diet Unai eta Naiari. Ordura arte automatikoan soilik ateratzen nituen argazkiak, eta oso mugatuta nengoen. Beraiei esker ateratzen ditut gaur egun ateratzen ditudan argazkiak”, azaldu du.
Ilunsentiak, ilunabarrak, zerua eta itsasoa ditu inspirazio-iturri. Edertasunaren eta bakearen arteko talkak irudikatzen ditu, gehienbat. Bizitzaren une desberdinak islatu, hain zuzen ere: “Zortea dugu hemen bizi garenok. Jakina da zein polita den Bermeo, eta bueno, eskualde osoa, orokorrean. Hori ezagutarazteko eta hain entzunak ez diren txoko txikiak ikusarazteko modu bat ere bada hau”. Gainera, jendearen “erantzun ona” nabarmendu du, eta horrek dakarkion poztasuna lehenetsi du, argazkilaritzarekin eta horren baitako ikasketa etengabearekin jarraitzeko.
“Argazki guztiak bereziak” direla aipatu du, irudi bakoitzaren atzean ezkutatzen diren istorioak magikoak direla. Bakarrak. Horrek bultzatzen du bermeotarra “gehiago eta gehiago” nahi izatera. Irudien atzean dauden istorioak ezagutzera. Herriari eta ingurukoei ekarpen artistikoa egitera.
Helburu zehatzik ez badu ere, badaki bide horretan jarraitu nahi duela. Bere eguneroko bizitzarekin eta lanarekin argazkigintza uztartzea berebizikotzat du. “Goizetan jaiki, portura joan eta kamera ateratzen” jarraitu nahi du, Xixilik ezkutatzen dituen paisaia eta momentu ederrenak islatzeko.
Terapia.
Artea terapia izan daitekeela ez da inongo berritasuna. Bakoitzaren baitako zurrunbiloak harrapatzean, ihesbide izan ohi dela diote askok. Talasacen kasua ere horrela da, eta azpimarratu du “terapia desberdin bat” aurkitu duela argazkigintzan. Horren ildoa jarraitu nahi du. Egunez egun hobetu. Bizitza irudi bihurtu, eta era berean, bizitzaren ikuspegi desberdinak izoztu.





