Jaia eta aldarria, aurtengo sanandresetan
Barikutik [azaroak 28] domekara [azaroak 30] bitartean, San Andres jaiak ospatuko dituzte ibarrangelutarrek.
Beste urte batez, San Andres jaiak ospatuko dituzte ibarrangelutarrek, azaroaren azken egunak heltzeagaz batera. Aurten, hiru eguneko egitaraua prestatu dute, “adin denetako” herritarrei begira. Barikuan, euskarari, kulturari eta ondareari “dagokion tartea” eskainiko diote. Joseba Sarrionandia idazle iurretarrak bere azken proiektua, Simon Sam Gandarias Olano bertsolari ibarrangelutarra ardatz duen We Are plenty in here, Euzkadin eginak obra aurkeztuko dute barikuan [azaroak 28], 19:00retan, kultur etxean.
Biharamunean [azaroak 29], aurtengo berritasun nagusiaren txanda izango da. Herriko haurrei zuzenduta, lehen aldiz, xake txapelketa herrikoia egingo dute; 17:30ean ipini dute hitzordua, kultur etxean. 19:30ean, nagusien txanda izango da: mus txapelketan elkartuko dira. Hilabete hasieran ekin zioten txapelketari, eta sanandresetan azken txanpa lehiatuko dute. Lehiaketa amaitu ondoren, herriko tabernek poteo herrikoia hartuko dute, eta Eingo taldea arduratuko da hura girotzeaz.
Hilaren 30ean biribilduko dituzte jaiak. Mezaostean, ospakizunak bat egingo du Euskararen Egunagaz, ohiko modura. Lehenik, egun seinalatu horretako manifestua irakurriko dute; ondoren, Lorea umeen dantza taldekoek euskal dantza ikuskizuna emango dute. Bien bitartean, urteroko une gorenetako batek ez du hutsik egingo: ibarrangelutar jaioberriei egiten dioten ohiko opari banaketa ekitaldia.
Ondoren, udalerriko jaietako eragilerik errotuenetako batek, pandero-jotzaileek eta gaiteroek, eguerdia epelduko dute, tabernaz taberna. Arratsaldean, euskarazko zinema proiekzioa edukiko dute gaztetxoenek, kultur etxean.
EGITARAUA
Azaroaren 28a, barikua.
19:00. Joseba Sarrionandiaren ‘We are plenty in here, Euzkadin eginak’ lanaren aurkezpena, kultur etxean.
Azaroaren 29a, zapatua.
17:30. Umeentzako xake txapelketa, kultur etxean.
Ondoren. Mokadua.
19:00. Nagusien mus txapelketa.
Ostean. Eingo taldeak giroturiko poteoa.
Azaroaren 30a, domeka.
11:00. Meza nagusia.
11:45. Euskararen eguneko manifestu irakurketa, eta herrian jaiotakoentzako opari banaketa.
Jarraian. Lorea umeen dantza taldearen emanaldia.
Gero. Pandero-jotzaileek eta gaiteroek giroturiko poteoa.
17:30. Euskarazko film proiekzioa, kultur etxean.