Hurrengo fasera sailkapena, urrats batera
Lointek Gernika Bizkaiak 65 eta 81 irabazi du Elitzur Ramlaren aurkako Eurocup Womeneko lehen partidua. Bihar [azaroak 27], 18:30ean hasita, multzokako fasearen azken neurketa jokatuko dute, aurkari berberaren kontra, lehiaketaren hurrengo fasera sailkatzeko erabakigarria izango dena.
Argazkia: Gernika KESB. Elitzur Ramlaren aurkako Eurocup Womeneko partiduen inguruan sorturiko zurrunbiloaren barruan, Lointek Gernika Bizkaiak talde israeldarraren aurkako norgehiagoka horietako lehendabizikoa jokatu zuen atzo [azaroak 25], Sofian (Bulgarian). Neurketaz jositako sasoiaren erdian, Malosteko taldeak ez zuen egiteko errazik eduki, Elitzur Ramla lehen unetik sendo kantxaratu baitzen. Mikiah Harrigan izan zen israeldarren indargune esanguratsuenetako bat lehen minutuetan, 7 eta 0eko partziala lortzeko funtsezkoa. Kanpoaldeko jaurtiketek ez zuten fruiturik eman lehen laurdenean, eta gernika-lumotarrek hamar puntuko atzetik burutu zuten laurden hori: 26 eta 16.
Bigarren laurdena hasteagaz batera, Gernikak partiduari neurria hartu zion, baina ez hura kontrolpean edukitzeko bezainbeste. Bi taldeek hainbat saskiratze txandakatu zituzten, patroi argirik gabe. Jokoa egokitu beharra zuen Lucas Fernandez Lointekeko entrenatzaileak, batez ere, defentsa lerroaren presioari zegokionez. Intentsitatearen kota igotzeagaz batera, lehen aurrerapausoak bistaratu zitzaizkion Gernikari; 39 eta 46ko markagailuagaz joan ziren aldageletara, artean guztia erabakitzeke zegoela.

Argazkia: Gernika KESB.
Atsedenalditik bueltan, jarraitu beharreko estrategia argi eta garbi zegoen: defentsan inongo arrakalarik ez azaltzea. Uztaipean, talde bietako bat ere ez zen bereziki distiratsu agertu, baina, lehia hartan, koska bat gorago aritu ziren gernika-lumotarrak, markagailuan aurrea hartzea ahalbidetuz. 46 eta 63koagaz ekin zioten azkenengo laurdenari. Azken borroka hartan, solidotasuna mantentzea giltzarri zen. Esan eta egin. Partiduaren erritmoa patrikan, azkien laurdenean 18 eta 18ko partziala erdietsi zuten, eta norgehiagoka 65 eta 81ekoagaz irabazi.

Argazkia: Gernika KESB.
Helburua, bizirik.
Txapelketa europarreko jomuga nagusiak, horrenbestez, bizi-bizirik dirau: hurrengo fasera sailktzea. Iragan domekan [azaroak 23] Perfumerias Avenidaren aurkako liga partidua galdu ondoren, partidu gogorra jokatu behar izan zuten Sofian, baina oraindik bigarrena falta zaie. Multzokako kanporaketako hurrengo hitzordua bihar [azaroak 27] lehiatuko dute, talde beraren aurka eta agertoki berean; 18:30ean abiatuko da fase erregularreko azken neurketa erabakigarria.
Lucas Fernandez: “Elitzur Ramla espero genuen besteko arerioa izan da: lehiakorra eta oso fisikoa”
Partidua amaitu berritan, Fernandezek lantaldeak eginiko lana goratu zuen: “Esfortzu handia egin dute bai fisikoki, bai buru aldetik. Elitzur Ramla espero genuen besteko arerioa izan da: lehiakorra eta oso fisikoa. Horren aurrean, beren jokoa oztopatzeko egoera defentsibo baliagarriak sortzea bilatu ditugu. Lehen laurdenean une gaitzak bizi izan ditugu, baina jaurtiketa irekiekin beren barne jokoari min handia eragin diogu. Minutuen joanagaz, geure erritmoa topatu dugu partiduan, Masa Jankovic edota Naia Zubiaga moduko jokalarien hutsuneak edukita ere. Bihar, berriro borrokarako prest egongo gara, baina atzo garaipena lortzeak ekarritako konfiantza erantsiagaz”.