Errigoitik Gabonetako argiztapen lehiaketa hartuko du, estreinakoz
Astelehenetik [abenduak 1] aurrera eman daiteke izena lehiaketan, eta abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra arte egingo da.
Errigoitiko Udalak gabonetako argiztapen lehiaketa jarriko du martxan, estreinakoz. Lehiaketa abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra lehiatuko duten arren, horretan izena emateko epea astelehenean [abenduak 1] zabalduko dutela jakinarazi du udalak; eta abenduaren 15a bera izango da izena emateko azken eguna. Interesdunek udaletxean eman beharko dute izena, 09:00etik 14:00rako ordutegian.
Parte hartzeko baldintzen artean, Errigoitin erroldatua izatea funtsezkoa dela nabarmendu dute, baita parte hartzaileek 18 urte baino gehiago izatea ere. Gainera, argiztapen bakarra onartuko da etxebizitza, komunitate, merkataritza eta ostalaritza bakoitzeko. Horrez gain, azaldu dute lehiaketak iraun bitartean etxeetako argiak piztuta egon beharko dutela 18:00etatik 24:00etara bitartean. Hala ere, 22:00etan itzali ahal izango dira, udal ordezkarien hitzetan, horrela “energia aurrezteko”.
Epailea Gabonetako argiztapenetan aditua den pertsona bat izango da, eta sarituak aukeratzeko kontutan izango dituen ezaugarriak ere aditzera eman dituzte: batik bat, argiztapen ona, led argien erabilera, originaltasuna, berezitasuna eta konposaketa izango dira baloratuko direnak.
Eta, horien arabera, hiru sari banatuko dituzte: lehenengo saridunak 200 euro jasoko ditu, bigarrenak 100 euro, eta hirugarrenak 50 euro. Errigoitiko Udalak sariak ordaintzeko, zerga eta gizarte segurantzako alorrean indarrean dagoen araudia beteko duela azpimarratu du.