Zubiate auzoko saneamendua hobatzeko lanean ari dira URA eta Arratzuko Udala
Golako eta Gorozika ibaien kalitatea babesteko eta Urdaibaiko ur saneamendua hobetzeko asmoz, Zubiate auzoko saneamendua hobetzeko 174.796,66 euroko inbertsioa egingo du URAk auzo horretan. Arratzuko Udalak obren kontratazioa, zuzendaritza teknikoa eta lanen mantentzea hartuko ditu bere gain.
Uraren Euskal Agentziak eta Arratzuko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute, Zubiate tarteko gune sakabanatuetako isurketak saneamendu sare orokorrera konektatzeko proiektua gauzatzeko helburuarekin. Izan ere, ekimen horrek ingurumenaren hobekuntza eta Urdaibaiko ur hornidura bermatzea ditu helburu.
Izan ere, gaur gaurkoz, Zubiate auzoko lau baserrik isurketak egiten dituzte bi puntutan, putzu septikoen bidez, eta, horiek Golako eta Gorozika ibaiak kutsatzen dituzte. Eta, ibai horiek dira, hain zuzen ere, Urdaibaiko ur hornidurarako erabiltzen direnak. Ondorioz, “premiazkotzat” jo dute etxebizitza horiek sare orokorrera konektatzea.
Proiektuak kolektore nagusi bat eraikitzea aurreikusten du, Zubiate auzoko iparraldeko baserrietatik auzoko hegoaldean dagoen kolektorearekin konektatzeko. Horrez gain, hiru adar gehitzea aurreikusi dute, trazaduraren inguruko baserrietako urak biltzeko. Jakinarazi dute azpiegitura PVC materialeko 250 mm-ko diametroko hodiekin egingo dutela, eta 17 putzu aurrefabrikatu egokituko dituztela.
Obraren aurrekontua 174.796,66 eurokoa da, eta URAk finantzatuko du osorik. Hori bai, Arratzuko Udalak obren kontratazioa, zuzendaritza teknikoa eta amaitutako lanen mantentzea bere gain hartuko ditu.