Bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde agertu da Bermeoko Udala
Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunez, emakumeen kontrako "indarkeria mota guztien aurka" daudela azpimarratu du Bermeoko Udalak, ekitaldi instituzional bidez.
Urteroko egutegian azaroak 25 morez markatutako eguna izan ohi da, eta hamaika aldarrikapenez bete ohi dituzte han eta hemengo kaleak. Hala, Bermeoko Udalak ekitaldi instituzionala egin du goizean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunez, “emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka” daudela azpimarratzeko, eta bizitza “aske, seguru eta burujabeak” eraikitzearen aldeko pausoa emateko asmoz.
Alegia, Goiko Plaza udal langile zein herritarrez bete den horretan, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak duela aste batzuetako Zarautzeko erailketa matxista baten berri izan dutela jakinarazi du. Senide eta gertukoei babesa helarazteaz gain, indarkeria matxista “lehen mailako arazoa” dela nabarmendu du: “Bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar eta gazteen artean, sareetako indarkeria kasuek etengabe egiten dute gora, hau sistema patriarkal sendo baten ondorioa da. Analisi feministak azpimarratzen du sexu-generoa sistemaren egiturazko desparekotasunetan duela jatorria; izan ere, sistema horrek gizarte bitar eta patriarkalari eusten dio, botere-harreman sakonek markatua, eta maskulinoa eta heterosexuala indarkeriaz nagusitzen dira egunerokoan, bizitzaren esparru eta alderdi guztietan”.
Hori horrela, gogora ekarri nahi izan du Indarkeria matxistak “beldurrezko eta lotsazko ingurunea” sortzen duela, “indarkeria jasaten dutenak bakartzeko eta isilarazteko joera” duela, eta “biktimagileen zigorgabetasun-sentsazioa areagotzen” duela. Bide batez, adineko emakumeak, landa-ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasuna duten emakumeak, emakume atzerritarrak eta bestelako baldintza bereizleak dituztenak lehen lerrora eraman ditu udalak, ze, euren hitzetan, sarerik ez izateagatik eta komunitatean sustraituta ez egoteagatik, aipatutako egoera horiek “are gehiago” jasan behar izaten dituzte emakume horiek.
Komunitateen garrantzia ere aipatu du, halaber, beste pertsona batzuekin “konektatzeko, babes-loturak garatzeko eta narratiba komunak sortzeko” ahalmena dutela iritzita. Udalen erantzukizuna ere nabarmendu du Nemehk, bestalde: “Udalok erantzukizun zuzena dugu, komunitateak sustatzeko non auzotarrak, taldeak eta koadrilak indarkeria matxistaren aurrean erne egongo diren, eta indarkeria matxista pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko duen bizitza komunitarioa bultzatzeko. Era berean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako komunitate erreparatzaileak sustatzeko erantzukizuna dugu”.
Gauzak horrela, herritarrak gonbidatu ditu berdintasun sailak antolatzen dituen “saretze eta prebentzio ekimenetan” parte hartzera, ze, ozen eta argi esan dute indarkeria “guztion arazoa” dela. Horregatik, Bermeoko Udalak jarduera jakin batzuk garatzeko konpromisoa hartu duela azaldu du alkateak.
Batik bat, hurbiltasun-sare lokalak indartzea, kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera- eta integrazio-programak garatzea, hezkuntza-, osasun-, kultura- eta aisialdi-inguruneetan laguntza-sareak sustatzea, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak garatzea, indarkeria matxistako kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzea, kanpaina eta kuadrillekin aliantzak garatzea, eta Bermeoko mugimendu feministari laguntzea eta haiekin koordinatzea aipatu ditu jarduera horien artean.
Era berean, arratsaldean Bermeoko Sare Feministak deitutako elkarretaratzean parte hartzera animatu ditu herritarrak.