"Adierazpen gutxiago eta neurri erreal gehiago" eskatu ditu LABek
LABek udalean berdintasun arloan dauen gabezia nagusiak nabarmendu ditu: berdintasun teknikaririk, erasoen kontrako protokolorik eta barne berdintasun planik eza. "Benetako neurrien" alde lanean jarraitzeko hautua berretsi dute sindikatuko beharginek.
Azaroaren 25eko Indarkera Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunagaz batera, LABek Gernika-Lumoko udaletxean dauden gabeziak salatu ditu, efemeride seinalatuotan “adierazpen instituzional gutxiago eta neurri erreal gehiago” behar direla aldarri eginda. Konpondu beharreko afera nagusienetakoa Berdintasun Teknikari postuari dagokiona dela zehaztu dute sindikatutik: “Noizko Lan Eskaintza Publikoa udaletxean? Noizko lanpostuen egonkortzea ekarriko lukeen lanpostu deialdia? Egiteko lana, egon, badago; berdintasun langaietan bete-betean zentratuko den Berdintasun Teknikari baten beharrizana dago”.
Erasoen aurrean indarrean ipini beharreko protokolo gabezia ere mahaigaineratu du LABek. Horren isla udan gertatutako erasoaren harira adierazitakoa: “Oriandik ez dakigu erasoaldi horren aurrean zein neurri hartuko den; langileon ordezkaritzagaz ez da horri buruzko inongo hausnarketa partekaturik egin, nahiz eta beharginak izan egoerok pairatu eta bideratu behar izaten dituztenak, inongo formakuntzarik edota jarraibiderik eduki gabe”. Tankerako testuinguruen aurrean, “sinesgaitza” da udalak erasoen kontrako protokolorik ez edukitzea: “Langile eta herritarrok babes barik gaude, zein bide jarraitu jakin ezinik, babestu beharko gintuzkeen erakundeen eraginkortasun faltaren aurrean”.
Ez hori bakarrik: udalean barne berdintasun planik ez dagoela ere argitu gura izan dute. Planaren lanketari ekin arren, sindikatuetatik “ekarpenak” egin ostean, prozesua “amaitu barik” geratu zela azaldu du LABek: “Bertan jasotzen ziren neurri zein baliabideak ezerezean geratu dira, azken urratsa bete ez dutelako, alegia, planaren onarpena eta ezarpena”. Hain zuzen, epeak “joan zirela” eta kanpo enpresa bati ordaindutako lana “beste behin ezerezean” geratu zela nabarmendu dute sindikatukideek, “denon diruaren erabilera eskasagaz”.
Zaintza Diagnostikoak “aurrera” diharduen arren, alor hori ere “hankamotz” dela adierazi dute, ez baitago teknikaririk. Alde horretatik, sindikatuak Gernika-Lumoko Sare Feministak egindako lana aitortu eta aitzatetsi du: Aberastasuna da herrian horrelako herritar eta eragile konprometituek boluntario lan egiteko prest egotea”. Finean, LABek “lotsaz” hartu du “A25 edota M8 moduko egunetan” udalak egin ohi dituen adierazpen insituzionalak, “neurri errealik apenas hartzen dela jakin dakigunean”. Udal langileek “utzikeria” hori “arduraz” bizi dute, eta benetako neurriak bideratu ahal izateko “negoziazio markoak exijitzen” segituko dutela eman dute aditzera.