Simon Gandariasen historia hainbatena izan zelako
Barikuan [azaroak 28], Joseba Sarrionandiak Simon Gandarias bertsolari ibarrangelutar-elantxobetarraren bizitza oinarri duen 'We are plenty in here, Euzkadin eginak' obra aurkeztuko du kultur etxean, 19:00retan hasita.
We are plenty in here, Euzkadin eginak izena du Joseba Sarrionandia idazle iurretarraren bolalumatik munduratu den azken obrak. Ameriketarako joandako diaspora ardatz, Simon Sam Gandarias Olano ibarrangelutar-elantxobetarraren bizitza jasotzen du lan berriak, besteak beste. Eta hura aurkezteko toki hoberik zein, bertsogile oparo izandakoaren jaioterrian baino: bariku honetan [azaroak 28], 19:00retan hasita, idazleak eta proiektuan parte harturiko lantaldeak liburuaren nondik norakoak aurkeztuko ditu Kultur Etxean, doako sarreragaz.
Bertsolaritzan eta koplakritzan norbanako jantzia izanagatik ere, orain arte “merezi baino gutxiago” landu izan dira Gandariasen bizitzaren, lanaren eta hark utzitako ondarearen nondik norakoak, udal ordezkariek aditzera eman dutenaren arabera. Gandarias Ibarrangeluko Biderdi baserrian jaio zen, 1897an, eta, sasoiko beste hainbeste herritarrekin gertatu modura, emigratu egin behar izan zuen. 1915ean, Chicago itsasontzia hartu zuen, eta Le Havretik Ellis Islanderainoko (AEB) itsas zeharkaldia egin. Emaztea, elantxobetarra, eta bere familia “berton” utzita alde egin zuen sorterritik, eta artzain nahiz beste “denetariko” ofizioetan aritzea tokatu zitzaion, amerikar gizartean murgildu guran.
Manu Sotaren eskuizkribu bat izan zen egitasmoaren abiapuntua
Hain zuzen ere, gizarteratze hura eta ozeanoaz bestalde topatutako guztia bere kople zein bertsoen bitartez gorpuztu zuen ibarrangelutarrak: “Bai bere, bai inguruko euskaldunen bizipenak eta gomunak kantatu zituen, eta orduko gizarte erreala irudikatu zuen”. Ekarpen erraldoia izan arren, Gandariasek ez du merezitako aitzatespenik jaso izan euskal literatura zein ondarearen iruditegian. Lanaren hazia, izan ere, Manu Sotaren eskuizkribu batean oinarritua dago; bertan azaltzen da Gandariasen ekarpena, duela mende bat Utah, Nevada, Kalifornia, Oregon edo Idago inguruan bertsotan ibili baitzen.
Norbanako haren eta bere ekarpenen inguruan sakondu du Sarrionandiak, literatura ikus-entzunezko edukiekin eta azterketa literario-arkeologikoagaz uztartuz. Iurretarraz gain, Bernardo Atxaga edota Asun Garikano moduko euskal literatur eszenako izen-abizen entzutetsuak ere proiektuaren atzean daude, hitzaurrearen arduradun. Egitasmoaren jomuga nagusia, ibarrangelutarraren lorratzak jarraitzeagaz batera, atzerrira alde egin behar izan zuen euskal diaspora oso baten historia azaleratzea da. Emigrazioaren inguruko “memoria historikoaren lanketa” dario obrari.
Maitena Iragorri proiektuaren gakoetako bat izan da, dokumentazioari dagokionez
Bai Idahoko, bai Oregongo dokumentazioaren azterketa beharretarako, Maitena Iragorriren parte hartzea nabarmendu da; azken hori ere ekimenaren “giltzarrietako bat” da: “Manu Sotaren eskuizkribuak bere osaba Pedro Sotak ahalbidetu zizkion Sarrionandiari; argitaratu gabeko izkribu zaharrak eman zizkion. Haietatik tiraka, Iragorrik Viaje a Idaho 1938 izeneko edizioa egin berri du”,
Eduki transbertsala.
Diasporaren langaia, literaturaren adarretatik ez ezik, bestelako kultur ekoizpenenetatik ere landu izan da. Hala, We are plenty in here, Euzkadin eginak liburu soil bat “baino gehiago” izatea bilatu dute, Pamiela argitaletxeagaz elkarlanean. Alde batetik, antropologia sozial eta kulturalari dagokion alderdia dago, baina argazki zaharrez, Gandariasen koplez, eskuizkribuz, bere familiaren erretratuz edota sasoiko irudiz jantzi dute. QR kode bat ere txertatu diote proiektuari. Horren bitartez, Gandariasen bertsoak musikatu dituzten taldeen abestiak entzuteko aukera dago, izan Oskorrirenak, izan Peiremansenak. Ez hori bakarrik: Luhartz taldeak hamabi kanta moldatu ditu, eta ekoizpen hori ere entzungai dago.
Ibarrangeluko eta Elantxobeko udal ordezkaritzek “oparia bailitzan” hartu dute proiektua
Ibarrangeluko eta Elantxobeko udal ordezkaritzak “oparia bailitzan” hartu zuen Sarrionandiaren proposamena: “Emigrazioagaz loturiko memoria historikoa lantzea garrantzitsua da, eta oso eskertuta gaude. Batetik, kulturak herri txikien prestigioa eta hondasuna areagotu egiten ditu; bestetik, herriokin hain estu lotutako bertsolari baten berri ematea erabat aberasgarria delako. Horrez gain, edizio hain anitza, multimediaduna, transbertsala eta berezia izatea ere aberasgarria da, ez baita ohiko historia edo literatur liburu bat”.