Mendatako HAPOaren aurrerakina hizpide izango dute eguaztenean
19:00tan jarri du hitzordua Mendatako Udalak, liburutegian, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerakinari buruzko informazio-bilera burutzeko. Udal ordezkariek herritarrak gonbidatu dituzte, udalerriaren etorkizun urbanistikoan funtsezkoa den prozesuan parte hartzera.
Mendatako Udalak jakinarazi duenez, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aurrerakinari buruzko informazio-bilera egingo dute eguaztenean (azaroak 26), 19:00etatik aurrera, udal aretoan (liburutegian). Herritarrei bileran parte hartzeko gonbita luzatu die udalak, “udalerriaren etorkizun urbanistikoan funtsezkoa den prozesua ezagutzeko”. Eta, nabarmendu dute Arruti Ark enpresako Oihana Arruti arkitektoa bertan izango dela, dokumentuaren eduki nagusiak aurkezteko asmoz.
Bide batez, abenduaren 3tik aurrera, abenduko eta urtarrileko baliodun eguazten guztietan sor daitezkeen zalantzei erantzuna emateko arreta pertsonalizatua eskainiko du udalak; arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara bitartean egongo da martxan eguaztenetako zerbitzu hori. Aurretiaz hitordua hartzea ezinbestekoa izango da, baina, eta horretarako 94 625 47 22 telefonoa ahalbidetu dute.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, urte honetan zehar, Mendatako Udalak “prozesu partekatu eta parte hartzailea” bultzatu du HAPO berria lantzeko xedez. Urtarrilaren 29an eman zioten hasiera, Elizoste Aretoan, prozesuaren faseak eta helburuak azaldu zituzten informazio-bilera oinarritzat hartuz. Ondoren, martxoa bitartean, herriaren ekarpen desberdinak jasotzeko hainbat saio ireki antolatu zirela gogoratu dute: hala nola, parte-hartze karpa bat, espazio publikoari, ingurumenari, mugikortasunari, etxebizitzari eta ekipamendu publikoei buruzko jardunaldi tematikoa, edota hiri antolamendu inklusiboaren inguruko tailerra.
Horrez gain, gehitu dute interesa zuten pertsona guztiek beren ideiak, kezkak eta proposamenak errazago partekatzeko asmoari tiraka, online bidezko inkesta bat jarri zuen udalak herritarren eskura.