Final handirako prest
Muniozguren-Perea eta Gandiaga-Urizar bikoteen artean egongo da IV. Ajuriako Pilota Goxua Txapelketaren txapela.
Iragan zapatuan [azaroak 22], IV. Ajuriako Pilota Goxua Txapelketaren finalaurrekoak lehiatu zituzten. Orain arte modura, pilotariak gogotik saiatu behar izan ziren, norgehiagoka “ederrak eta estuak” izan baitziren Ajuriako pilotalekuak harturikoak. Alde batetik, lehen kanporaketan maila itzela kantxaraturiko Muniozgurenek eta Pereak Goitia eta Kastañares eduki zituzten aurrez aurre. Bikote bietako batek ere ezin izan zuen aginta makina sendorik ezarri, eta partidua azken txanpan erabaki zen; 22 eta 20ko markagailuagaz nagusitu ziren lehen biak.
Bigarren neurketak iazko garaile Azkarai eta Bidaburu Gandiaga eta Urizarren aurka elkartu zituen. Txapelaren defendatzaileek ez zuten egunik onena bizi; lekeitiar arerioek, aldiz, ez zuten garaipena lehen unetik ziurtatzeko abagunea alferrik galdu. 22 eta 12koa bistaratu zuen markagailuak azkenean, Gandiagaren eta Urizarren alde. Azkarai eta Bidaburu, beren aldetik, final handitik urrats bakarrera geratu dira aurtengoan, eta hirugarren postua lortzearren bakarrik borroka egin ahalko dute, Goitiaren eta Kastañaresen aurka.

Final handiagaz batera, gainera, berriki zendutako Josu Laka mendexarrari omenaldi hunkigarria egingo diote antolatzaileek. Azaldu dutenaren arabera, Laka txapelketaren defendatzaile sutsuenetako bat izan da: “Hasiera-hasieratik pilotaren eta, zehatz-mehatz, lehiaketa honen alde gogor lan egin du”. Aurreratu dute Lakaren senideak omenaldian egongo direla. Bestalde, herritarrei zapatuan [azaroak 29] 18:00retan hasiko den azken jardunaldiaz gozatzera bertaratzeko deialdia luzatu die antolakuntzak.