Abenduaren 1etik 31ra bitarteko egitarauagaz ospatuko dute Astraren 20. urteurrena
Otorduetarako eta kontzertuetarako sarrerak gaur (azaroak 24) jarriko dituzte eskuragarri, Astran.
2005eko abenduan ekin zioten bideari Astralagunek. Udalerriko gaztetxe baten eskariari, entsegu lokalen faltari zein kultur taldeentzako azpiegitura ezari erantzun zioten: Astra okupatu zuten. Eta, ordutik igarotako bi hamarkadak egitarau zabalagaz ospatuko dituzte, abendurako era guztietako ekintzak dituen programa aurkeztu baitute: mahainguruak, kultur ikuskizunak, hitzaldiak… Denetarik aurki daiteke hilaren 1ean hasi eta urte amaieragaz batera amaituko den eskaintzan, “elkar ikusi, oraina ezagutu eta etorkizuna eraikitzeko uneak sortu nahi baitituzte”.
Hala, 20 urtetan herri eta eskualdeak egindako lana goraipatzeko unea ailegatu dela uste dute, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete. Izan ere, Astra Gernikentzako zela aldarrikatu zuten sasoi hartan, eta, Gernike Astra da, Astra Gernike da adieraziko dute orain. Ospakizun bat dute aurretik, baina hasierako ilusio eta gogo beragaz jarraitzen dute, ze, Eingu eta eingogu.
Hala, jakinarazi dute otorduetarako eta kontzertuetarako sarrerak gaur (azaroak 24) jarriko dituztela eskuragarri, Astran. Bestalde, Lizeo Antzokiko kontzertuetarako sarrerak Lizeoan bertan edota webgunean eskuratu daitezke, eta, gainerako ekintzetarako sarrerak egunean bertan jarriko dituzte eskuragarri. Hori bai, zehaztu dute Astralagunek doan sartu ahalko direla ekintzetara, txarteleko bost sarrerak agortu bitartean.
Hemen egitaraua.
