Kultur arloko 1.000 ahotsetik gora, Guggenheim Urdaibai proiektuari ezetza adierazteko
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak proiektuaren kontrako sinadurak bildu ditu. Kultur eragileek kulturak eskatzen ez duen museo bati pribilegioak ematea "estrategia oker eta antidemokratikoa" dela salatu dute.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak, Euskal Herriko kultur munduko sektore ezberdinetako eragileekin elkarlanean, Guggenheim Urdaibai proiektuaren kontrako 1.000 sinaduratik gora bildu ditu. Ez gure izenean! manifestuagaz bat egin dutenek kulturaren izenean “ezin dela natura kaltetu” aldarrikatu dute, eta erakundeei “arduraz eta gardentasunez” jokatzeko eskatu diete.
Plataformatik adierazi dutenez, manifestua babestu duten “gehienak euskal sortzaileak” badira ere, Espainiako eta nazioarteko kultur esparruko hamaika ahotsek ere proiektuaren kontra sinatu dute. Hala, sinatzaileek plataformak sortutako mugimenduari “elkartasuna” adierazi diete, Urdaibai Unescok izendatutako Biosfera Erreserba dela gogoratu eta hori zaintzea “denon ardura” dela zehaztuta: “Artearen eta kulturaren izenean ezin dugu onartu ingurune natural pribilegiatu hau arriskuan jartzea. Kultur eragileok izan behar dugu gure ahotsa altxatzen lehenak”.
Halaber, Urdaibain horrelako museo bat egiteak tokiko flora eta fauna anitzaren kontrako “arrisku nabarmena” suposatuko lukeela jakiteak kultur komunitatean eragin duen “oposizio zabal eta sendoaren” berri eman dute Guggenheim Urdaibai Stopetik.
Kontuak argitzea.
Sinatzaileen ustetan, Guggenheim Urdaibai finantzatzeak beste jarduera askoren kaltea ekarriko luke; izan ere, Eusko Jaularitzak Guggenheim Bilbao museora “8 milioi euro inguru” bideratzen ditu urtero. Gauzak horrela, kultur eragileek “kontuak argitzeko” eskatu diete. Era berean, dagokienei hartutako erabakien ondorioak “gardentasunez eta zintzotasunez” azaltzeko galdegin diete.
Eskaerak egiteaz gain, sortzaile eta kultur munduko eragileek “oinarrizko galdera zehatzak” jarri dituzte mahai gainean: “Zein da proiektuaren epe ertaineko kostua? Eraikuntza eta mantenua. Nori kenduko zaio dirua? Nola eragingo dio kultur sektoreari —bereziki euskaraz sortzen dutenei—?”. Plataformatik azpimarratu dutenez proiektuak ez die kultur komunitatearen beharrei, nahiei eta proposamenei erantzuten. Zehaztu dutenez, kultur eragileek “urte asko” daramatzate erakundeei sortzaileen prekarietatearen, sorkuntza proiektu propioetarako “babes eta sustapen faltaren” eta epe luzeko “politika publikoaren gabeziaren” berri ematen, baina, eraikin eta azpiegituretan “inbertsio handiak” egin badira ere, edukiaren sorkuntzan eta kultur ekosistemaren indartzean eragina “hutsaren hurrengoa” izan da: “Kultur erabilera gero eta gehiago ari dira turismora mugatzen; ez da ulertzen identitate kritiko eta kolektiboak sortzeko tresna da”. Hala, kulturak eskatzen ez duen museo bati pribilegioak ematea “estrategia oker eta antidemokratikoa” dela salatu dute.
Adierazpen garrantzitsuak.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoek “bi erreferentzia garrantzitsu” gogoratu dituzte, instituzioek “gaur arte alde batera utzi dituztenak”. Batetik, 2025eko irailaren 18an 372 zientzialarik sinatutako manifestuak Urdaibaiko “oreka ekologikoaren kontrako arrisku larria” dagoenaz ohartarazi zuela gogoratu dute, Guggenheim Urdaibai “ingurumen-jasangarritasunaren kontra” aldarrikatzeagaz batera. Bestetik, Agirre Lehendakaria Center garatzen ari den entzute prozesuaren lehen txostenak eskualdeko herritarrek “bestelako etorkizun-eredu bat” gura dutela zehazten duela argitu dute, “komunitatearen ongizatea eta lurraldearen babesa oinarri dituen eredua”, hain zuzen. Hala, museo proiektuarekiko kontrakotasuna “izugarria” dela adierazi dute.
Plataformakoentzat erreferentzia horiek “oso argiak” dira, eta ez diote soilik kultur sektorearen alarmari erantzuten: “Komunitate zientifikoaren eta herritarren ahots zabalaren eskaera sendoa dira”. Hori horrela, kultur eragileek eta plataformak ondorio berdina atera dute eta eskari bateratua helarazi diote erakunde publikoei: kultur komunitatea, herritarrak eta adituak entzun, errespetatu eta kontuan har ditzala: “Euskal Herriko biztanleontzat kultura propioa, bizia eta aberatsa sustatuko duten politikak behar ditu, ez gure izenean egin nahi duten museo bat”.
IKUSI ‘EZ IGURE IZENEAN!’ MANIFESTUAREN SINATZAILEAK