Herenegun arratsaldean jakin zen Lointek Gernika Bizkaiak eta Ilitzur Ramla talde israeldarrak Bulgarian jokatuko dituztela Eurocup Women txapelketaren datorren martitzeneko eta egueneko partiduak, eta Gernika-Palestina Deialdi Herritarraren ordezkariek berretsi dute Israelek genozidioarekin jarraitzen duen bitartean, bere kirol taldeek ezin dutela nazioarteko txapelketarik jokatu: “Nola da posible nazioarteko txapelketetan normaltasunez jokatzea? Genozidio bat egiten dagoen herrialde bateko kirol taldeak nazioarteko txapelketak normaltasunez jokatzea ulertezina da. Hori izan da beti gakoa. Elitzur Ramlak Eurocupetik kanpo egon behar du”.
Gernika-Palestina Deialdi Herritarraren kideen ustez, Gernika KESB klubaren erabakia “aterabide erreal eta arduratsua” da.
Orain dela astebete egindako agerraldian esan bezala, Gernika Palestinarekin BAT lelopean, genozidioaren zuriketaren kontrako mezua zabaltzeko eta Palestinari konpromisoa adierazteko mobilizatuko dira gaur arratsaldean [azaroak 21], 19:00etatik aurrera, Merkurion hasita.
Beste behin, azpimarratu dute Palestinak pairatzen duen genozidioarekiko sentibera dela Gernika, eta genozidioa behin betiko amaitzea eskatzen dute, eta Palestinarekin bat dagoela edierazten jarraitzen: “Gernikako herria beti Palestinako herriaren ondoan izango da. Memoriadun herria garelako. Beste behin ere, Gernika gehiagorik ez, ez hemen ez inon erantzukizunez adierazteko beharra dugu”.
Gaurko deialdiarekin bat egin dute udalerriko dozenaka eragilek, eta hori nabarmendu dute Gernika-Palestina Deialdi Herritarraren ordezkariek: “65 elkartetik gorak atxikimendua adierazi dute, eta eskerrik handiena eman nahi diegu horietako kideei. Beraien indarraren bitartez, gaur arratsaldeko manifestazioara dei egiten dizuegu”.