'Egitura, konplizitate sare eta anaidiekin' apurtzeko deia egin dute
‘Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista’ lelopean hartuko ditu kaleak Bilgune Feministak Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Busturialdeko herrietan elkarretaratze nahiz bestelako ekintza ugari egingo dituzte.
1999an Nazio Batuen Erakundeak emakumeenganako indarkeria deuseztatzeko nazioarteko egun legez aldarrikatu zuen azaroaren 25a, eta, geroztik, hango eta hemengo emakumeek elkarri eskua eman, ahotsa altxatu eta herri eta hiriak askatasun aldarriz betetzeko hitzordu finkoa da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna.
Iaz “erabat normalizatuta” dauden eraso, bortxaketa, beldur eta erailketak salatzeko, mobilizatzeko deia zabaldu zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta aurten, berriz, egunerokotasunean ikusten diren indarkeria matxistaren hamaika formak babestu eta sostengatzen dituzten “egituretan, konplizitate sareetan eta anaidietan” jarriko dute fokua. Izan ere, emakume, trans eta bollerek jasaten duten indarkeria “ez dela ausazkoa” salatuko dute: “Sistema kapitalista zisheteropatriarkal arrazista eta kolonialak askotariko egiturak eta mekanismoak ditu martxan, gure gorputz eta lurraldeetan indarkeria betikotzeko eta, horrela, sistema betikotzeko”.
Konplizitate eta anaidia sareak “paktu patriarkalak, konplizitate eta isiltasun sareak” direla eta horietan, gizonez gain “bestelako egiturek” ere parte hartzen dutela zehaztu dute: “Indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartzen ez duten erakundeek ere parte hartzen dute, alegia, eta tartean, justizia sistema, non babesgabe eta inongo sinesgarritasunik gabe uzten gaituen etengabe”.
Era berean, Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista lelopean, ematen duten urrats bakoitzeko “oldarraldi berri bat” martxan jartzen dela aldarrikatuko du Euskal Herriko Bilgune Feministak, gaur egun “oldarraldi betean” gaudela zehaztuz: “Gorrotozko diskurtsoak eta feminismoaren kontrako diskurtsoak inpunitate osoz zabaltzen ari dira, sareetan, komunikabideetan nahiz kaleetan: feministon kontrako mezuak, mezu transfoboak, arrazistak…”.
Azkenaldian zabaltzen ari diren feminismoaren kontrako diskurtsoek “legitimitatea kentzen” diete aldarriei: “Euskal Herriko hainbat txokotan erasoak publikoki salatzera atera garenean, boikot egin digute, eta gutxietsiak izan gara”. Ozen adierazi dute zilegitasuna kentzen dieten gizonezkoek “konplizitatea eta anaidia” dituztela lagun: “Erasotzaileak eta antifeministak ez dira izaki abstraktu bat, inguruan ditugun gizonak dira”.
Borroka antiarrazista.
Feminismoaren eta indarkeria matxistaren aurkako diskurtsoen aitzakiapean bestelako gorroto mezuak ere zabaltzen direla nabarmendu dute, tartean, arrazakeria. Horren aurrean, borroka antiarrazista izan behar dela gogoratu dute eta mezu horien aurrean antolatuta egongo direla: “Sistema arrazista eta kolonialista betikotzen dituzten egiturak salatzen jarraituko dugu, tartean, berau sostengatzen duten legeak deuseztatzeko eskatzen ere, atzerritartasun legea, kasu”.
Euskal Herriko Bilgune Feministak iazko mobilizazioetatik gaur arte Euskal Herrian eraildako sei emakumeak ere gogoratuko ditu, “indarkeria matxistaren aurpegi lazgarrienaren eta bortitzenaren biktimak” direlako. Horrez gain, munduan zehar borroka feministan dihardutenei zabaldu die elkartasun keinua, bereziki, Palestinako feministei.
Erantzukizun komunitarioa.
Bestalde, Emakundek, Eudelek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek indarkeria matxista jasaten duten emakumeen inguruan “komunitatea sortzeko” eskatu diete herritarrei, Ez da zure arazoa soilik, gurea ere bada lelodun kanpainagaz. Azpimarratu dutenez, “bi emakumetik batek” indarkeria jasan du Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, eta hortaz, “erantzukizuna soziala, komunitarioa eta instituzionala” da biktimei entzutea.
Emakumeen aurkako indarkeriari eta pertsonen arteko beste indarkeria-mota batzuei buruzko inkesta 2024 azterlanaren arabera, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan bizi diren 16 eta 85 urte bitarteko emakumeen “%48,2ak” indarkeria egoeraren bat bizi izan du. “Salaketak kasuen %15era iristen ez diren arren, emakumeen %80k indarkeria jasaten ari dela esaten die lagun, senide edota hurbilekoei”, zehaztu dute Emakumeen Euskal Erakundetik.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur bertan [azaroak 21] jakinarazi duenez, 2024an zehar indarkeria matxistaren sei biktima artatu zituen Osakidetzak eguneko, 2.121 emakume guztira. Aurreko urteko datuekin alderatuta, %3,2an egin zuen gora. Zehaztu dutenez emakume horietatik 374 sexu erasoen biktima izan ziren, 10etik 4 adinez txikikoak zirelarik. Aurten, berriz, Euskal Osasun Zerbitzuak sexu-erasoak jasan dituzten emakumeen 299 kasu antzeman ditu.
Osasun Sailak nabarmendu duenez, azken hamarkadan 21.549 profesionalek genero-indarkerian prestakuntza jaso dute, “400 prestakuntza-ekintza baino gehiagotan” parte hartuta.
Biktima diren emakumeek egiturazko arazo horri aurre egiteko duten zailtasuna arintzeko, gizarte “aktibo eta kontzientziatua” izatearen garrantzia azpimarratu du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak: “Pilota gizartearen teilatuan dago, eta gizarteak erantzun, lagundu, ulertu eta artatu egin behar du”. Eudeleko presidente den Esther Apraizek udalek biktimei arreta emateko duten ardura nabarmendu du, indarkeria matxistaren aurrean zaintzen eta mobilizatzen diren komunitateak gidatzeko “funtsezkoak” direla zehaztuz.
Trinidad Vicente Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak indarkeria matxistaren ondorioak emakume eta seme-alabek pairatzen dituztela salatu du, indarkeria “kolektibo txarra” dela zehaztuz: “Indarkeria matxistaz arduratzen ez garen bakoitzean, gizarte okerragoa gara”.
“Denok irabazten dugu”.
Bizkaiko Foru Aldundiak “bereziki gazteei” zuzendutako Matxismoa desinstalatu kanpaina prestatu du, “jarrera matxistei, indarkeria normalizatuei eta diskurtso ukatzaileei aurre egiteko”.
Kanpainak eguneroko keinu bat erabiltzen du —mugikorraren aplikazio bat desinstalatzea—, eguneroko bizitzan desberdintasuna eta indarkeria eragiten duten portaerak eta mezuak ezabatzeko beharra ikusarazteko. Zehaztu dutenez, mezuak “errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzeko erantzukizun komuna” aldarrikatzen du.
Teresa Laespada ahaldun nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuaren ustez, “beharrezkoa” da matxismoa desinstalatzea eta norbere buruaren bertsio berri bati eustea: “Matxismoa desinstalatzen badugu, berdintasunetik pentsatzen eta jarduten badugu, denok irabazten dugu, gizonek eta emakumeek”.
Herrietan, ekintza ugari.
Beste behin, hamaika dira azaroaren 25aren harira, Busturialdean egingo diren elkarretaratze eta manifestazioak, baina bestelako ekintzek ere edukiko dute tokia. Muxikarrek, esaterako, berrikuntza bategaz hartuko dute eguna, Itzali eta piztu bertso saio elektronikoan batuko baitira gaur. Azaroaren 28rako, bestalde, emakumeentzako autobabeserako eta ongizaterako mintegiko lehen saioa deitu dute.
Arratzu eta Gernika-Lumon ere gaur [azarp] batuko dira herritarrak; lehenengoek Maroa Cruickshanken Simpol bakarrizketa izango dute aukeran, frontoian, doan. Gernika-lumotarrentzat, bestalde, arratsaldetik iluntzera arteko egitaraua atondu du Busturialdeko Itaiak; Indarkeria aro digitalean; hipersexualizazioa, presio estetikoa eta erreakzioa hitzaldia, agerraldia eta afaria izango dituzte. Martitzenerako ere mobilizazioa deitu du Itaiak, 18:30ean. Gernika-Lumoko Sare Feministak ere manifestazioa deitu du egun berean, 19:00etan.
Nabarniztarrek elkarretaratzea dute deituta etzirako, herriko plazan; Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean batuko dira, ostera, Eako, Busturiko, Ibarrangeluko, Sukarrietako, Gautegiz Arteagako eta Mundakako herritarrak.
Bermeotarrek hitzordua bikoitza izango dute: udalak ekitaldi instituzionala antolatu du 12:00etarako, eta Bermeoko Mugimendu Feministak, bestalde, elkarretaratzea deitu du 19:00etan, Taraskan.
Proiekzioak eta kontzertuak ere egingo dituzte udalerri batzuetan, Sukarrieta, Mundaka eta Foruan, esaterako
EGITARAUAK, HERRIZ HERRI.
ARRATZU
- Gaur, barikua.
- 20:00. Simpol Maria Cruickshank-en bakarrizketa, frontoian. Sarrera, doan.
BERMEO
- Azaroak 25, martitzena.
- 12:00. Ekimen instituzionala, Goiko Plazan.
- 19:00. Elkarretaratzea, Bermeoko Mugimendu Feministak deituta.
BUSTURIA
- Azaroak 25, martitzena.
- 18:00. Indarkeria matxista gaur egun solasaldi-tailerra, kultur etxean.
- 19:30. Adierazpen instituzionalaren irakurketa. Eguraldiaren arabera, Altamirako plazan edo kultur etxean.
- Ostean. Kartelada.
EA
- Azaroak 25, martitzena.
- 18:30. Mobilizazioa, Eako plazan, Bedarona, Ea eta Natxituko andrak taldeak deituta.
FORUA
- Azaroak 28, barikua.
- 19:30. Olatz Saitua sopranoaren kontzertua, Tourseko San Martin elizan.
- Ostean. Urdaibaiko produktuen dastaketa.
GAUTEGIZ ARTEAGA
- Azaroak 25, martitzena.
- 19:00. Elkarretaratzea, plazan, Gautegiz Arteagako Udalak deituta.
GERNIKA-LUMO
- Gaur, barikua.
- 17:30. Elssie Xalbadorren Super ni ikuskizuna, udal liburutegian. 6 urtetik gorakoentzako saioa.
- 19:00. Indarkeria aro digitalean: Hipersexualizazioa, presio estetikoa eta erreakzioa hitzaldia, gaztetxean. Busturialdeko Itaiak antolatuta.
- 20:00. Busturialdeko Itaiak deituta, agerraldia, auditorioko eskaileretan.
- 21:00. Afaria, Busturialdeko Itaiak antolatuta, Gernikako gaztetxean; tiketak 5 euro, momentuan bertan.
- Azaroak 25, martitzena.
- 18:30. Mobilizazioa, Merkurion, Busturialdeko Itaiak deituta.
- 19:00. Manifestazioa, Merkuriotik, Gernikako Sare Feministak deituta.
IBARRANGELU
- Azaroak 25, martitzena.
- 19:00. Kontzentrazioa, Elexalden, udaletxe aurrean.
MUNDAKA
- Azaroak 25, martitzena.
- 18:00. Santa Katalinatik plazara joatea.
- 18:45. Elkarretaratzea, plazan.
- Ostean. Lapse kolektiboaren ekitaldia.
- Azaroak 29, zapatua.
- 12:00. Volar filmaren emanaldia eta protagonistekin solasaldia, Gaztelekuan.
MUXIKA
- Gaur, barikua.
- 19:00. Itzali eta piztu bertso saio elektronikoa, Ariatzan. Bertsolariak Aroa Arrizubieta, Oihana Bartra eta Aitor Tatiegi; musikariak Manex Pagola eta Libe Goenaga eta gai jartzailea Idoia Anzorandia.
- Azaroak 28, barikua.
- 18:00-21:00. Emakumeentzako autobabeserako eta ongizaterako mintegiko lehen saioa, Kurtzeroko kiroldegian, 14 urtetik gorako emakumeentzat, herritar nahiz kanpokoentzat. Izena eman behar da 645 00 66 63 telefonora deituz.
NABARNIZ
- Etzi, domeka.
- 13:30. Elkarretaratzea, herriko plazan.
SUKARRIETA
- Azaroak 25, martitzena.
- 12:30. Elkarretaratzea, udaletxe aurrean.
- Azaroak 29, zapatua.
- 18:00. Zine foruma, udaletxeko yoga aretoan: La fuente de las mujeres.