Ikastetxeetako kameren ezarpena irmoki salatu du Ikamak
Eusko Jaurlaritzak hezkuntza zentroetan kamerak jartzeko hartu duen erabakiaren aurka daudela erakutsi dute ikasleek, Ikamak deituriko manifestazioan. 11:00tan hasi dira herriko kaleak aldarrikapenez betetzen, eta hortik aurrera greba deitu dute.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kamerak jarri nahi ditu ikasgeletan; besteak beste, Busturialdeko ikastetxe publikoetan. Horren aurrean, ikasleen desadostasuna erakusteko Gernika-Lumoko kaleak aldarriz bete ditu Gernika-Lumoko Ikamak, ze, 11:00etatik aurrerako greba deitu, eta institutu aurretik Pasealekurainoko manifestazioa antolatu du, “institutuan jarri nahi dituzten kameren kontra” egiteko asmoz.
50 urte pasatu dira Francoren heriotzatik, eta Ikamakoek argi dute harek “ondo lotuta utzitakoa askatu arte” borrokatzen jarraituko dutela: “Duela bost hamarkada ikasleek borrokatu zuten bezala borrokatuko dugu guk, gure neurrira egindako hezkuntza sistemaren alde: hezkuntza feminista, ekologista, euskalduna, antifaxista eta burujabea”. Halaber, nabarmendu dute kamerak jartzeko neurriak “ez dakarrela hezkuntza-kalitatea hobetzea”, eta “kontrol sozialerako tresnak” baino ez direla, ikasleen “intimitatea urratzen dutenak”.
Helburu pedagogikoak dituzten tresnak izatetik kanpo daude kamerak, ikasleen hitzetan. “Ez gaituzte hobeto hezten, ezta gure ikas-baldintzak hobetzen”, gaineratu dute. Hori horrela, “kontrolatzeko” baliatzen direla esan, eta Inika bezalako plataformak ere aipatu dituzte, “ikasleen infantilizazioa zein kontrola bultzatzeko” tresnak direla gehituz: “Bai kamerak, zein Inika plataformak gure notak, portaera eta faltak automatikoki gurasoen eta zuzendaritzaren esku uzten dituzteka, testuingururik gabe”.

Horrez gain, kamerak heziguneetan ez jartzeko bost arrazoi mahaigaineratu dituzte ikasleek manifestazioan. Alde batetik, “pribatutasuna urratzen” dutela diote. Bestetik, “kontrol sozialerako tresnak” direla. Gainera, ikasleen iritzia kontutan hartu ez dutela esan dute, eta irakasle, ikasle eta familien arteko “konfiantza apurtu” dutela. Azkenik, “inbertsio okerra” dela aurreratu dute: “Hezkuntza baliabideetan, material didaktikoan edo giza laguntzan inbertitu beharrean, heziguneen gaineko kontrolean inbertitzen dute”.
Ikasleen ahotsa.
Hori guztia kontuan izanik, argi eta garbi esan dute gaur, ez dutela horrelako hezkuntza eredurik nahi. Kameren ezarpena “irmoki salatu” dute, gainera, “askatasun pertsonal eta kolektiboen aurkako eraso zuzentzat” hartuz. Horren ordez, ikasleen ahotsa erdigunean jartzen duen hezkuntza “aske eta parte hartzailea” defendatzen du Ikamak. “Gure espazioak eta gure prozesuak errespetatuko dituen hezkuntza-eredua nahi dugu, ez kontrolatzaile eta errepresiboa. Ikasleon zein hezkuntza-komunitatearen baldintzak hobetuko dituzten baliabideak behar ditugu, duinak izan daitezen”, azpimarratu dute.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren erabakiak ikasleek desio duten euskal eskola “nazional, sozialista, feminista eta euskaldunean” “kabidarik ez” duela esan, eta ozen esan dute, ez direla isilduko. Eurekin batera, kamerei boikota egiteko deia luzatu die Ikamak herriko eta eskualdeko ikasleei: “Tapatu, margotu edo apur ditzagun kamerak. Eta, esan dezagun argi: kamerarik ez gure heziguneetan. Gora ikasleon borroka”.