8.100 euroko bultzada, Kaltzada Egoitzarentzat
Urriko Azken Asteleheneko gazta enkanteko lehen bi sariak, urtero legez, Kaltzada Egoitzari laguntzeko baliatuko dituzte. Gaur [azaroak 20] egin dute txeke txartelen banaketa agerraldia.
Urriko Azken Asteleheneko une gailurretako bat gazta txapelketako lehen eta bigarren sailkatuen gazten enkantea izan ohi da. Enkante horren ondorio ederrena, baina, bertatik ateratako dirua kausa solidario baterako baliatzen dutela da: Kaltzada Egoitzari laguntza emateko. Aurten, iaz bezala, Kanala Beach jatetxeak irabazi zuen lehen gazta erdiaren enkantea; 7.400 euro ordaindu zituzten. Bigarren saria, berriz, Zurekin Bus-Grupo Vectaliak poltsikoratu zuen, 700 euroren truke. Guztira, horrenbestez, 8.100 euroko saria pilatu ahal izan zuten, aipatutako egoitzari emateko. Dirusari horren txeke banaketa, hain zuzen ere, gaur goizean [azaroak 20] egin dute, Kaltzadan bertan.
Txeke txartelen banaketa agerraldian egon dira, Gernika-Lumoko udal gobernu taldeko ordezkariak, Kaltzada Egoitzaren zuzendaritza lantaldekoak eta sariak irabazitako komertzioetakoak. Jose Mari Gorroño alkatea, lehenik eta behin, “oso pozarren” agertu da sariak beste urte batez egoitza horrek jasoko dituelako, eta haregaz “bizi osoan” izandako hartu-emana azpimarratu du: “Haurrak ginenetik, geure familian beti presente egon da toki hori. Esate baterako, akorduan dut antzina txerri handi baten zozketa egiten zela, eta zozketa haren txarteletatik ateratako dirua Kaltzadarako bideratu ohi zela. Egun, txerri hura gaztak ordezkatu du, baina aldatu ez dena bere izaera solidarioa da. Kaltzadan dauden egoiliarrek mereze dute, baita haiek jagoten dituzten beharginek ere”.