TindEHErreko lehen zitak, hastear
TindEHEr egitasmoan 'matx' egin zuten taldeek elkarrekin prestatutako eta aisialdia eta lanketa euskaltzalea uztartuko dituen egitarauak gauzatuko dituzte asteburuan hasi eta urtarrilera bitartean. Lehen zita Artiako Gazte Asanbladak izango du, Berriozar eta Piztu Lezo taldeekin, barikurik domekara bitartean.
Gazteria euskaldunarengan kontzientzia linguistikoa berpiztu eta lurralde ezberdinen arteko harremenak sustatzeko asmoz aurkeztu zuen Euskal Herrian Euskaraz herri mugimendak TindEHEr egitasmoa, gazteak euskaraz batuz lelopean . Gaztetxe, gazte asanblada, gazte mugimendu eta “bestelako talde eraldatzaileei” egin zien euskaraz eta euskaratik gazte-talde ezberdinen senidetzea helburu zuen ekimenean parte hartzera, eta guztira 30 talde baino gehiago animatu dira parte hartzera, tartean, Artiako Gazte Asanblada eta Busturialdeko Euskaltzaleak. Bikote zien hirukoteak osatuta, lehen zitei ekiteko garaia da.
Gautegiz Arteagakoek Berriozar eta Piztu Lezo taldeekin egin zuen ‘matx’; Busturialdeko Euskaltzaleek, berriz, Usurbilgo Aztarrika taldeagaz. Bakoitzak egokitu zitzaion bikoteagaz aisialdia eta lanketa euskaltzalea uztartuko dituen egunak antolatu behar izan ditu, eta, Busturialdeko taldeei hartzaile rola ezarri dietenez, eskualdeak hartuko ditu hitzorduok. Dagoeneko zehaztuta daude ekimeneko data guztiak, eta TindEHEreko lehen aldiko zitak Busturialdean hasi eta amaituko dira.
Asteburua, Gautegiz Arteagan.
Artiako Gazte Asanbladak, Berriozar eta Piztu Lezo taldeek barikutik [azaroak 21] domekara arteko [azaroak 23] egitarau “potentea” prestatu dute, urtarrilaren 31ra bitartean iraungo duten hitzorduen zerrendari hasiera emateko. Kasualitatea edo, Busturialdeko Euskaltzaleen esku geratuko da azken hitzordua hartzea.
Gautegiz Arteagan bat egiten duten gazteek karro-poteo eta elkar ezagutzeko jolasekin ekingo diote egitarauari bariku gauean, baina egun berezienak zapatu eta domekan biziko dituzte, egun guztiko egitarauagaz. Zapatuan, frontoian elkarrekin gosaldu ostean, Gazteak eta euskara: gazte asanblada/gaztetxe bakoitzaren errealitatea eta borroka lokalak mahai-inguruan batuko dira, kultur etxean. Jarrain Intza Gurrutxagak (Euskal Herrian Euskaraz) eta Leiore Morenok (Etxalak) hartuko dute hitza, Euskararen egoera eta gazteriaren inguruan asumitu diren mitoak hitzaldiagaz.
Denetarako tartea izango dute gazteek asteburuan. Asier Gomez eta Edorta Unamunorekin udalerrian zehar ibilaldia egingo dute, bertako ondare historiko-kultura ezagutzeko. Talde bazkari zein afaria, jolasak eta herri kirolak ere ez dira faltako Kanaleta eta DJ Xuguxek biribilduko duten egunean.
Domekan, berriz, egun lasaiagoa biziko dute, gosaldu ostean mural eta serigrafia-tailerra izango baitute aukeran, plazan. Elkarrekin bazkaldu ostean familia argazki erraldoia aterata agurtuko dute elkar hiru udalerrietako taldeek.
Asteburuko hitzorduagaz bat egin gura dutenek gaur [azaroak 19] dute izena emateko azken eguna, bai gazte asanblarekin Instagram bidez harremanetan jarrita, bai taldekideren baten bitartez. Jakinarazi dutenez, otordu bakoitzaren prezioa 5 eurokoa izango da. Asteburu guztiko otorduetan izena emanez gero, berriz, 20 euro ordaindu beharko dira.