Matxitxakoko pinudi zaharra ez dute osorik botako
Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak eta Bermeoko Udalak aurkeztutako alegazioei esker, 501 zenbakidun Sollubemendi izeneko Herri Onurako Basoko proiektua guztiz aldatu da, eta bideen ondoan dauden pinuak bakarrik botako dituzte.
Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, Matxitxako pinudi zaharra, 501 zenbakidun Sollubemendi Herri Onurako Basoa osorik mozteko proiektua guztiz aldatzea lortu da. Ingurumen Eraginaren Ebaluazioaren prozesuaren barruan Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak eta udalak aurkeztutako alegazioei esker, azkenean, “bideen ondo-ondoan” dauden pinuak bakarrik botako dituzte, pertsonentzako “arriskutsuak” direlako.
Txosten ofizialaren arabera, Matxitxakoko pinudi zaharra Urdaibaiko Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu gisa babestutako gunea da, eta “zaintza eta kudeaketa zorrotza” eskatzen ditu. Hala, proiektua berrikusita, bide ondoko pinuak bota eta gainerakoak bertan uztea lortu dute, “ekosistema oso berezia eta baliotsua baita”.
Horrez gain, hasieratik proposatutako haritz landaketaren ordez, artadi kantauriarra leheneratzeko prozesu naturala bultzatzea erabaki dute. Hala, artea izango da espezie nagusia, “ingurumen balio handiko ekosistema autoktonoa berreskuratuz eta klima aldaketara ere egokituago den espeziea izanik”. Baso lan guztiak modu arinean eta ingurua ahalik eta gutxien kaltetuz egingo dituzte, “inguruko landareria ahalik eta gehien errespetatuz”. Izan ere, proiektuak landare inbaditzaileen aurkako programa “zorrotz eta etengabea” jasotzen du, artadiaren berreskurapena arrakastatsua izan dadin.
Udaletik erabakiagaz pozik agertu dira, herritarrentzat, ingurunearentzat eta biodibertsitatearentzat “oso positiboa” izango dela uste baitute.