68 proposamen, aurrekontu parte hartzaileen azken fasean
Herritarren esku geratuko da 2026ko aurrekontu parte hartzaileetako 50.000 euroak zein proiektutara bideratu aukeratzea. Bermeon erroldatutakoek azaroaren 30era arte dute bozka emateko aukera, bai fisikoki, bai Internet bidez.
2026ko aurrekontu parte hartzaileetan proposamenak aurkezteko epea itxita eta Bermeoko Udalak 194 ideia jaso ditu. Proposamenen bideragarritasun teknikoaren azterketa egin ostean, baina, 68 izan dira azken fasera sailkatu direnak. Izan ere, proiektuek aurretik zehaztutako ezaugarri batzuk bete behar izan dituzte, hala nola, interes orokorrekoak izatea, udalaren ahalmen eta eskumenen barrukoak izatea, teknikoki egingarriak eta, gehienez, 50.000 euroko aurrekontuagaz egingarriak izatea. Orain, herritarrei dagokie gustukoen duten proposamena bozkatzea, eta azaroaren 30era [domeka] arte izango dute horretarako aukera.
Udalak zazpi multzotan sailkatu ditu 68 proposamenak: kirola, ume eta gazteak, kultura, herrian hobekuntzak, mugikortasuna-ibilgailuak, irisgarritasuna eta gai anitzak. Herritarrek zerrenda aztertu gauzatzea gustatuko zitzaien proiektua bozkatu beharko dute, fisikoki zein internet bidez. Paperez bozkatu gura dutenek Berhazen, Gizarte eta Kultura Etxean, liburutegian, Areneko kiroldegian eta Sancti Spiritus Zaharren egoitzen dute horretarako aukera. Udaletik gogoratu dutenez, proposamen bakarra bozkatu ahalko da, eta bozka emateko nahitaezkoa izango da Bermeon erroldatuta egotea.
Zenbaketa eginda, abenduren 1etik 5era emango du udalak proiektu irabazlearen berri.