Talentu gaztea eta tradizioa bilduko ditu Santa Zezilia omentzeko kontzertuak
Segundo Olaeta Musika Eskolak klasiko handiak eta arrakasta herrikoiak nahasten dituen programa eskainiko du Santa Zezilia egunaren harira, barikuan (azaroak 21), Lizeo Antzokian.
Musikarien zaindariaren jaia ospatuko dute, beste urte batez, Gernika-Lumon. Santa Zezilia Eguna zapatuan (azaroak 22) bada ere, barikuan (azaroak 21) omenduko dute Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolako musikariek.
Musikak hartuko du Lizeo Antzokia 19:00etatik aurrera, eta, bertan, udalerriko musika eskolako irakasle eta ikasleen garapena ikusi ahalko da: hazten ari diren ikasleak, laguntzen ari diren irakasleak, eta entzuten duen areto bete bat. Topaketa, ohi bezlaa, Txistulari Bandaren emanaldi labur batekin abiatuko dute antzokiko kanpoko aldean, publikoaren sarrera jai giroz girotzen hasteko asmoz.
Nahia Guarrotxena biolin-jotzaileak emango dio hasiera kontzertuari, eta hasiera intimo horren ostean, ganbara taldeak ariko dira. Debussy, Duvernoy eta Guy Bergeronen piezak esakiniko dituzte, estetika eta garai desberdinetako piezen ibilbidea marrazten dutenak, eta musikari gazteek gaitasunak erakutsiko dituztenak.
Ostean, orkestrak hartuko du lekukoa, publiko zabalari zuzendutako obrak interpretatzeko. Ariel Ramirez eta Felix Lunaren Alfonsina y el mar interpretatuko dute, Mercedes Sosak ezagun egindako bertsioan, eta Édith Piafen La vie en rose ere eskainiko dute, baita Titanic fimeko kantu ezaguna ere, James Hornerrek konposatutakoa. “Belaunaldien artean zubi gisa funtzionatzen duten eta ikusleei irribarre konplizeak pizten dizkieten hiru pieza oso ezagun dira”, jakinarazi dute irakasleek.
Eta, kontzertuan, 50 ikaslek osatutako Banda Sinfonikoak itxiko du. Bere errepertorioak mugimenduaren eta energiaren aldeko apustua egingo du: You Can’t Stop the Beat joko dute, Ted Ricketsen moldaketekin; eta, Irene Ojanguren ahotsaren laguntzarekin, Claude-Michel Schönbergenen Les Misérables interpretatuko dute; eta, Stijn Ruttenen bertsioan eskainiko duten River Deep, Mountain High lanekin amaituko dute emanaldia.