Santanapek muskulazio gune berri bat izango du
Udaleko Kirol sailak Santanape kiroldegian zenbait egokitzapen egin ditu, espazioa berrantolatuz, eta muskulazio gela berri bat egokitu dute. Gune berria datorren astean zabalduko dute.
Gernika-Lumoko Udaleko Kirol sailak Santanape kiroldegian zenbait egokitzapen egin ditu, espazioa berrantolatuz, eta muskulazio gela berri bat egokitu dute bertan. Espazioa trinkoa da, 72 metro koadrokoa, eta “irizpide funtzionalekin” diseinatutakoa. Hala, hainbat astez egokitzapenak egiten ibili eta gero, gune berria datorren astean zabalduko dutela jakinarazi dute udal ordezkariek.
Hala, gela horrek banakako bost muskulazio makina ditu: abduktorea/prentsa, bizepsa, bizkarra eta bularra lantzekoak. Baina, horiez gain, lau postu dituen makina bat ere badago, zeinek bularra, trizepsa, eta bizkarra aldi berean lantzea ahalbidetzen duen, baita arraunean aritzekoa ere. Makina horiez aparte, pisu libreko halterekin ariketa batzuk egiteko makina ere badago, baita luzaketa eremu bat ere. Beraz, aparatu bakoitzak helburu espezifiko bati erantzuten dio, “muskulu guztiak modu orekatuan lantzeko aukera emanez”.
Espazioa kirol erabilerara egokitzeko, gimnasioko lurzoru teknikoa jarri dute, hormak margotu dituzte, argiztapena berritu dute eta argi naturalari uki egin barik, pribatutasuna ematen duten kristal zeharrargiak jarri dira.
Lan horiek egiteaz aparte, zaintza kamerak eta sarbideen kontrola duen ate automatizatu berria instalatzea ere sartu dituzte proiektuan. Hala, lan guztien inbertsioa 49.230,48 eurokoa izan da, eta espazioaren aprobetxamenduari eta makinak sartzeari esker, hasieran aurreikusitako gaitasun funtzionalak %20 handitu direla diote udal ordezkariek.
Gune horretako sarrera kiroldegiko tornu gunearen aurretik egin beharko dute, gune berriko atean bertan dagoen irakurgailu baten bidez. Abonatutako pertsonak zuzenean sartu ahalko dira euren ohiko identifikazioarekin, eta abonatuak ez direnek, berriz, unan uneko sarrera ordaindu beharko dute.