Omenaldia, olatu artetik uhin artera
Josu Coria Ozollo igerilari mundakarrak Euskadiko eta Espainiako Igeriketa Txapelketa irabazi du, eta Mundakako Eskolako haurrek eta udalak "merezitako omenaldia" egin diote.
Josu Coria Ozollo beti izan da kirolari eta kirolzale amorratua, baina bere bizitza errotik aldatu zen, istripu bat izan zuenean. Baina bizitzak, sarritan, arazo mozorroz estaltzen ditu aukerak. Eta mundakarrak aukera guztiak bere egitea erabaki zuen, beldurrik gabe, den-dena irabazteko duenaren pasioz. Halaxe egin zuen tupust igeriketa munduagaz. Apurka-apurka baina pauso irmoz, alor horretan doitzen hasi zen, eta urrats bat aurrera egin zuen, Erandio Baitan Kirol eta Aisialdi Elkartearen koloreak defendatzen hasi zenean.
Iragan uztailean, itzalpeko behar eta sakrifizioak modurik onenean gorpuzteko aukera eduki zuen Coriak: Zarautzek ur irekietako Euskadiko eta Espainiako Igeriketa Txapelketa hartu zuen, uztailaren 25ean, eta mundakarra nagusi izan zen 400 metroko proban. “Ezusteko itzela” izan zen Coriarentzat, inondik inora “espero ez zuena”: “Uretatik atera, eta lehen postuan helmugaratu nintzela entzuterakoan, ia-ia ezin nuen sinetsi”. Edozelan ere, egun hartan egindako lana oso serioa izan zen; mundakarrak 02.26,97ko denbora normalizatua lortu zuen 100 metroen langan, eta helmugan, ostera, 09.47,87koagaz biribildu zituen lanak.
Mundakako eta inguruko gaztetxoek, herriko eskolako lantaldeak eta udalak “merezitako omenaldia” egin gura izan diote beren herrikide eta txapeldunari, eta, horretarako, eskolan bertan duten irrati estaziora gonbidapena egin diote. Ia 30 urteko ibilbide oparua duen irrati postu horren gidaritzan oraintsura arte ibilitako Pedro Angel Totorika Larruzea irakasleak, irratsaioen sustatzaile nagusiak, ere ez du haurren keinu ederra bertatik bertara ikusteko abagunea galdu.

Mundakako Eskolako irratiak, hain zuzen ere, udalerrian emititzeko gaitasuna du, eta umeen “parte hartze aktiboa bultzatzea, euskara maila hauspotzea eta eskaintza kulturala bermatzea” diotu jomuga, besteren artean. Coriak “hunkituta” hartu du herriko gaztetxoenen gonbita, eta bere egunerokoa azaltzeko aukera eduki du. Coriak azaldu duenez, txapelketari “espezifikoki prestatu barik” heldu zion: “Azken orduan galdegin zidaten ea parte hartzera animatuko nintzatekeen, eta baiezkoa eman nuen”.
Josu Coria Ozollo: “Itsasoan igeri egitea, igerilekuagaz alderatuta, oso bestelakoa da; asko gustatzen zait sentsazio hori”
“Libre” sentitzeko leiho bat.
Haurren galderei txandaka-txanda erantzunez, Coriak argitu du igeriketan “beranduegi” murgildu zela: “Goizago ekin behar nion sentsazioa dut. Izan ere, igerian libre sentitzen naiz, aske mugitzeko gaitasuna dudala sumatzen dut, eta pozarren nago uretan daramatzadan urte bietan”. Igerilariak Erandion entrenatzen du astero-astero, Natalia Folgadoren gidaritzapean, eta denboraldi bakoitzeko Euskal Herri zein Espainia mailako “sei-zazpi txapelketa” lehiatzeko prestatzen da. Horietatik guztietatik Zarauzkoa da “erakargarriena” iruditu zaiona: “Itsasoan igeri egitea, igerilekuagaz alderatuta, oso bestelakoa da; asko gustatzen zait sentsazio hori”.

Ikasleek ez ezik, Mundakako alkate Sorne Rubio Aranok ere ez du galdu Coriari omenaldia egiteko aukera, eta opari bana nahiz ohorezko zapia eman dizkio. Hala haurrei, nola igerilariari “eskerrik beroenak” emateagaz batera, alkateak azpimarratu du “eredu handia” dela mundakarrentzat: “Bizitzak batzuetan ikasgaiak ematen dizkigu, eta garrantzitsua da horiek gazteenei transmititzeko pertsonak egotea”. Aipatutako opariez gain, Mundakako udal gobernu taldeak Coriari bere “egunerokotasuenan laguntzeko diru laguntza” emango dio aurrerantzean.