Laguntza terapeutikoak 18 urtera arte luzatuko dituzte, nerabeen ongizatea sustatzeko
Dirulaguntzen oinarriak aldatzea aho batez onartu du Bermeoko Udalak. Nerabezaroaren etapa osoan sostengua bermatu eta osasun-sistemaren gainkarga arindu nahi du udalak aldaketa horrekin.
6 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeen ongizatea sustatzeko estimulazio eta esku-hartze goiztiarren tratamenduen gastuak ordaintzeko dirulaguntzen oinarriak 18 urtera arte zabaltzea onartu du Bermeoko Udalak, aho batez. Hala, nerabezaroa “pertsonen garapen fisiko, emozional eta sozialeko funtsezko etapa” dela zehaztu zuen Endika Etxebarria Telleriak Osoko Bilkuran: “Urte hauetan, gazteek aldaketa sakonak bizi izaten dituzte, eta horiek eragin zuzena izaten dute haien identitatean, autoestimuan eta ingurunearekiko harremanetan. Horregatik, helduarorako trantsizio aro honetan ere, laguntza terapeutikoa ezinbestekoa da, bereziki desgaitasun fisiko edo mentalen bat duten edo mendekotasun-egoeran dauden adingabeentzat”.
0 eta 6 urte bitarteko haurrek arreta goiztiarreko laguntzak jasotzen dituztela jakinarazi du Etxebarriak, eta orain arte Bermeoko Udalak “6 eta 14 urte bitartean dituzten umeen familiak laguntzeko dirulaguntzak” bideratu izan dituela. Baina, zehaztu dute 14 urtetik 18 urtera bitarteko gazteen familientzako laguntzarik ez dagoela, eta egungo osasun-sistema gainkargatuta dagoela: “Horren eraginez, familiek bere gain hartu behar izaten dituzte terapia pribatuen kostuak, eta horrek ahalegin handia suposatzen du dagoeneko gainezka dauden familientzat”.
Beraz, oinarrien aldaketarekin, laguntza ekonomikoa 18 urtera arte luzatuko da, “nerabezaroaren etapa osoan sostengua bermatuz, eta osasun-sistemaren gainkarga arintzen lagunduz”. Zinegotziak gaineratu du, udalak Amatea Elkarteagaz egindago bileran jasotako gomendioak kontuan hartu dituela aldaketa aurrera eramateko, eta nabarmendu du terapia jasotzeak “gazteen garapen integrala” sustatzen duela, eta helduaroan sor daitezkeen “arazo konplexuagoak prebenitzeko” balioko duela; besteak beste, nahasmendu emozionalak, aisialdi arazoak edo gizartean txertatzeko zailtasunak.
Udalaren kezka.
Halaber, udal gobernuaren kezka ere plazaratu zuen Etxebarriak: “Aspaldion, denon ahotan dabil osasuna eta ongizate mentala, baina gure eskualdean dauden zerbitzu publikoak urriak dira. Jakin badakigu, adin txikikoen kasuan, Galdakaoko Haurren Psikiatriako Gunean dagoela eskualde honi dagokion terapia publikoa emateko zentro hurbilena. Udaletik, guraso elkarteekin batera, egoera honi aurre egiteko politikak lantzen gabiltza, eta hortik dator dirulaguntza hauen oinarri aldaketa ere. Gure kezken berri eman asmoz, ekainean Osasun Sailarekin bilera eskatu genuen, eurekin batera egoera landu ahal izateko, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso”.
Gauzak horrela, herritarren ongizatea bermatzeko politikak, ekimenak eta programak lantzeko apustua egiten jarraituko du Bermeoko Udalak, adierazi dutenez. Bide batez, “gizarte osasuntsuago eta justuago baten bidean, herritar guztiek baliabide berdinak izan ditzaten” nahi du udalak.