Gernika-Lumoko Udalak hamahiru pertsona kontratatuko ditu eskualdeko enplegu planaren baitan
Lanbide Ekomenek eskainiko dituen 13 lanpostuetatik 12 peoientzako izango dira, eta bat taldeko koordinatzailearentzat. Langabetuek azaroaren 25era arte (martitzena) dute eskaerak egiteko epea, Lanbideren webgunearen bidez.
Gernika-Lumoko Udalak, Lanbide Ekimenak Zentroaren bitartez, Busturialdeko Kontratazio Plana martxan jarri du, eta, programa horri esker, langabezian dauden 13 pertsona kontratatu ahalko ditu, Lanbide Ekimenen Ibili Ibilian Busturialdean programaren bidez. Proiektua abenduaren amaieran hasiko da, eta helburu argia izango du: Busturialdeko udalerrien herri mantentzea hobetzea eta enplegu aukera berriak eskainitzea.
Lanbide Ekomenek eskainiko dituen 13 lanpostuetatik 12 peoientzako izango dira, eta bat taldeko koordinatzailearentzat. Hala, hautatuek eskualdeko espazio publikoak zaintzeko eta edertzeko lanez arduratuko dira, hala nola, hiri altzariak konpontzeaz eta margotzeaz, edota bideko sastrakak garbitzeko makinak erabiltzeaz. Lanak Arratzutik koordinatuko dituzte, Madariene baserritik, bertatik antolatuko baitutuzte udalerri bakoitzean egin beharreko lanak eta lantaldeak.
Jon Lejarraga Gernika-Lumoko Ekonomia sustatzeko zinegotziak programa horren garrantzia azpimarratu du, inguruko langabezia tasa arintzeko plana dela esateaz gain, espazio publikoak mantentzeko eta zaintzeko dagoen premiei erantzuten diolako. “Helburu bikoitza du: alde batetik, langabeei lana eskaintzea, eta, bestetik, gure eskualdeko hiri ingurunearen kalitatea hobetzea, eta, horrek, zuzenean eragiten du gure bizilagunen ongizatean”, azaldu du Lejarragak.
Jakinarazi dutenez, Eskualdeko Kontratazio Plana Lanbidek Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzetarako 2025erako ematen dituen laguntzen barruan sartzen da, eta horrek 341.199 euroko aurrekontua dauka; hortik, 162.500 euroko diru poltsa bideratu dute Ibili Ibilian programara, zeinek hamahiru kontratuak finantzatuko dituen. Gainerako 178.699 euroak, berriz, bigarren programa batera bideratuko dira, iaz eta aurten langabeak kontratatzen dituzten Busturialdeko enpresei laguntzeko.
Lejarragak diru laguntza horiek tokiko enpleguan eta eskualdeko ekonomian duten “eragin positiboa” azpimarratu du: “Gure udalerrietan zerbitzu publikoak indartzen ditu laguntza horrek. Izan ere, ekimenagaz bat egiten duten eskualdeko enpresek ere jaso ahal izango dituzte diru laguntza horiek, eta horrek aukera emango die langile gehiago kontratatzeko, eta, aldi berean, tokiko garapen ekonomikoari laguntzeko”.
Langabetuek azaroaren 25era arte (martitzena) dute eskaerak egiteko epea, Lanbideren webgunearen bidez, eta, Gernika-Lumoko udalak baieztatu du urtea amaitu aurretik jakinaraziko dietela enpresei noiz aurkeztu ahalko dituzten langabetuak kontratatzeko eskaerak.