Etxebizitza turistikoei buruzko parte hartze prozesua, martxan
Eguenan [azaroak 20], 18:30ean parte hartze saio irekia antolatu du Bermeoko Udalak, etxebizitza turistikoen inguruko erabakiak "modu partekatuan" hartzeko.
Etxebizitza turistikoei buruzko parte hartze prozesua abiatu du Bermeoko Udalak. Izan ere, horiek zelan arautu “guztion erabakia” dela adierazi dute, eta herritarren ahotsa entzun nahi dute, “erabakiak modu partekatuan hartzeko” asmoz. Hori horrela, eguenan [azaroak 20] jarri dute herritarrekin hitzordua, 18:30ean, Gizarte eta Kultura Etxean. Gaineratu dute udal ordezkariak ere han egongo direla.
Herritarren parte hartzea “ezinbestekoa” dela esan dute, halaber: “Ekarri zure ideiak eta proposamenak: denon artean eraikiko dugu Bermeok behar duen eredua. Zure parte-hartzea ezinbestekoa da gure herriaren etorkizuna elkarlanean eraikitzeko”