Belarriak girotuta, tripazorriak isilduta
Musika eta gastronomia izango dira azaroaren 21etik 25era bitartean egingo dituzten Santa Katalina jaien ardatz nagusiak.
Mundakarrak Santa Katalina jaiei begira daude. Azken asteetan, herriko kultur eragileek udalagaz elkarlanean antolatu dituzte udazkenaren bete-betean iritsi ohi dira jaiok, eta aurtengo ospakizunak hilaren 21etik, bariku honetatik, 25era bitartean egingo dituzte, zenbait egitasmo egun batzuk lehenago heltzen diren arren. Zerbait izatekotan, tradizioagaz eta urteroko ekimenekin bat egiten duten jaiak izango dira santakatalinak. Ardatz nagusi bi edukiko dituzte: alde batetik, gastronomia; bestetik, musika.

Argazkia: Gazte Zar mendi taldea.
Iragan zapatuan [azaroak 15], mendizaleentzako plaza izan zen Mundaka. Izan ere, Gazte Zar mendi taldeak atondutako Santa Katalinako Mendi Martxa egin zuten. Martxalariek distantzia biko ibilbideak eduki zituzten aukeran: 19 kilometroko aukera luzea, 09:00retan oinez hasita, eta 12 kilometroko laburra, 10:00etan abiatuta. Barikuan, Mundakako abesbatzaren txanda izango da, 20:00retatik abiatuta.
Hurrengo egunean, zapatuan [azaroak 22], jaietako gailurretako bat iritsiko zaie mundakarrei: santakatalinetan zeharo errotuta dagoen bakailao txapelketa herrikoia. Azken urteotan gertatu den legez, hamar eta hamabost kazola artean aurreikusten dituzte. Parte hartzaileek 10:00etan edukiko dute lehiaketara izena emateko aukera. Goizetik eguerdira arteko prestakuntzari aurre egiteko, ohiko modura, Jose Mari Egileor txistulari taldeak bere musikaz girotuko du herriko plaza, 12:00etan hasita. Sari banaketa ekitaldia ordu bi beranduago egingo dute; mahai ingurua, ostera, Beti Jai fanfarreak berotuko du. Gauean, Sastraka erromeria taldea arduratuko da giroak behera ez egiteaz.
Katalin Deunaren bezperan, herriko txistulariak izango dira berriro protagonista, biharamuneko egun handia orduko. Santa Katalina plazatxoa umeentzako jolasen kokagune bihurtuko da, IGEk antolatuta, eguraldiak hala uzten badu; osterantzean, Isla Kale kiroldegira lekualdatuko dituzte jolasok. Meza nagusia, elizan barik, Santa Katalina baselizan egingo dute, eta ostean herritarrei zuzenduriko ohorezko aurreskua egingo dute Gazte Zar Dantza Taldeko kideek. Eguerdian salda beroaz eta pintxo janaldiaz gozatzeko aukera edukiko dute, Gaur Dala Bihar elkartearen eskutik, bertaratzen direnek. Arratsaldez, buruhandiak kaleratuko dituzte IGEkoek.
Jaia eta aldarria.
Santa Katalina jaiek bat egingo dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguneko aldarrikapenekin. Hain zuzen, 18:00retan, mundakarrei herriko kaleetan barrena egingo den manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatu diete, eta Santa Katalina plazatxoan ipini dute hitzordua. Mobilizazio horrek plazan edukiko du amaiera; bertan irakurriko dute udal ordezkariek A25eko manifestua, eta elkarretaratzea LAPSE dantza taldearen ekitaldiagaz biribilduko dute.
EGITARAUA
Azaroak 21, barikua.
20:00. Mundakako abesbatzaren emanaldia.
Azaroak 22, zapatua.
10:00. Bakailao txapelketaren hasiera, plazan.
12:00. Jose Mari Egileor txistulari taldearen emanaldia.
13:00. Bakailao kazolen aurkezpena.
14:00. Bakailao txapelketaren sari banaketa ekitaldia.
Ondoren. Beti Jai fanfarrearen emanaldia.
21:00. Sastraka erromeria taldearen kontzertua.
Azaroak 24, astelehena, Katalina Deunaren bezpera.
20:00. Jose Mari Egileor txistulari taldearen emanaldia.
Azaroak 25, martitzena, Katalina Deuna.
10:30. Jose Mari Egileor txistulari taldearen emanaldia.
11:00. Umeentzako jolasak, IGEren eskutik, Santa Katalina plazatxoan.
12:00. Meza nagusia, Santa Katalina ermitan.
Ostean. Ohorezko aurreskua, Gazte Zar Dantza Taldearen eskutik.
12:45. Salda beroa eta pintxo jana, Gaur Dala Bihar elkartearen eskutik, Santa Katalina plazatxoan.
17:00. Buruhandiak, IGEren eskutik.
18:00. Manifestazioa, Santa Katalina plazatxotik hasita.
18:45. Elkarretaratxea, plazan.
Ondoren. LAPSEren ekitaldia.