Alde Zaharrera sartzeko baimenak 2026ko abenduaren 31ra arte luzatuko dituzte
"Automatikoki" luzatuko ditu Bermeoko Udalak zenbait ibilgailuren Alde Zaharrera sartzeko baimenak. Hala nola, Alde Zaharreko bizilagunenak, garajeetako erabiltzaileenak, herriko gremio eta merkatarienak eta Alde Zaharrean bigarren bizilekua duten herritarrenak.
Bermeoko Udalak zenbait ibilgailuren Alde Zaharrera sartzeko baimenak “automatikoki” luzatuko ditu 2026ko abenduaren 31ra arte. Hala nola, Alde Zaharreko bizilagunek, garajeetako erabiltzaileek, herriko gremioek eta merkatariek eta Alde Zaharrean bigarren bizilekua duten herritarrak izango dira aipatutako luzapena jasoko dutenak. Horiek guztiek ez dute inolako izapiderik egin behar izango, udal ordezkariek aurreratu dutenez, ze udalak automatikoki egingo die luzapena. “Indarrean daukaten baimena balioduna izango da epe berrira arte”, gaineratu dute.
Behin-behineko baimenen kasua, bestalde, desberdina da. Ze, jakinarazi dute “egun jakin baterako edo arrazoi zehatz baterako emandako baimenak” ez direla automatikoki luzatuko, eta beraz, amaitutakoan berria eskatu beharko dutela Berhaz bulegoan edota egoitza elektronikoan. Gauzak horrela, aurreratu dute baimenaren epea igarota egonez gero, eta hala ere Alde Zaharrera sartuz gero, isuna jarriko dela.
Halaber, Bermeoko Udaletik gogoratu dute “zamalanak egiteko” Alde Zaharrera sartzeko aukera dagoela, “baimenik izan edo ez”; astelehenetik zapatura bitartean, 08:00etatik 13:00etarako tartean ahalbidetuko da aukera hori. Eta, azaldu dute informazio gehiago nahi izanez gero, edo zalantzaren bat argitu nahi izanez gero, herritarrek 010 telefono zenbakira deitu dezaketela.