Kilometroz kilometro, prostatako minbiziaren ikerketa bultzatuz
Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeak bat egin du Minbiziaren Aurkako II. Bizkaia Bike egitasmoagaz, Bermeotik Durangora joan-etorria eginez, prostatako minbiziaren ikerketa bultzatzeko.
Gizonen artean prostatako minbiziaren eta ikerketaren garrantziaz kontzientzia piztea helburu duen kirol ekimenak Bermeo izan du eszenatoki, beste urte batez. Izan ere, Minbiziaren Aurkako II. Bizkaia Bike ekimena antolatu du Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak, eta, iaz hasitako bideari jarraipena eman diote txirrindulari askok, gaur.
Hala, Matxitxako TKTkoak ekimenarekin bat egin, eta Bermeo-Bilbo-Bermeo ibilbidea egin zuten iaz. Aurten, ordea, Bermeotik Durangora joan-etorria egin dute, guztira 125 kilometroko ibilbidea osatuz, eta bidean, minbiziaren aurkako elkarteak Durangon duen egoitzan geldituz. Txirrindulariak “oso pozik” heldu dira helmugara: “Dena oso ondo irten da. Goizean goiz abiatu gara, eta orokorrean gustora ibili gara denok”. Harrera ere berezia izan dela azaldu dute: “125 kilometro egin ostean, Bermeora, gure herrira, heldu eta jaso dugun harrera jasotzea oso polita eta hunkigarria izan da guretzat”.

Minbiziaren aurkako elkarteko Bermeoko boluntariak egin diete harrera txirrindulariei.
Bermeoko, zein inguruko txirrindulariak “minbiziaren ikerketa bultzatzeko eta hauspotzeko prest” daudela nabarmendu dute, halaber. Pedalkada bakoitzak eta kilometro bakoitzak horretan laguntzen duela jakinik, hurrengo urteetan ere horrela jarraitzeko asmoz agertu dira. Esan dute, iaz Bilboko egoitza bisitatu zutela, eta gaur, berriz, durangokoa. Ildo horretatik, helburuetariko bat azpimarratu dute txirrindulariek: “Urtero elkartearen lokal batetik igarotzea izan da elkarteari helarazi diogun proposamena”.
Kirolak zerbait badu, ikusgarritasuna da. Hala nola, kirola egitearen, eta baita, kirolaren bidez aldarrikatzearen eta laguntzearen aldeko mezua zabaldu dute Matxitxako TKTko kideek: “Kirola egitea beti da osasuntsua, eta gainera, minbiziaren ikerketaren alde jarduteko aukera izanez gero, are osasuntsuagoa bihurtzen da kirola, edozein izanda ere”.