"Genozidioaren zuriketaren kontra" agertu, eta Palestinari konpromisoa adierazteko mobilizatuko dira
Gaur [azaroak 14] egin duten agerraldian, Gernika-Palestina plataformako kideek adierazi dute erakundeek "herri baten suntsiketa sustatzen duen estatu bateko kirol taldeak zigortu" beharko lituzketela erakundeek. Hurrengo barikurako [azaroak 21] eta azaroaren 27rako [eguena] ere mobilizazioak deitu dituzte.
Israelgo Elitzur Ramla saskibaloi taldea Lointek Gernika Bizkaiaren aurkako norgehiagoka jokatzekoa da azaroaren 25ean (martitzena) eta 27an (eguena), Eurocup Women nazioarteko txapelketaren barruan. Gernika-Palestina herri ekimenak gaur [azaroak 14] Pasealekuko Auditorioan egin duen agerraldian azaldutakoaren arabera, FIBAk agindu du joaneko zein itzulerako norgehiagokak Malosten jokatzea, nahiz eta Gernikak zein Bizkaiko emakumezkoen saskibaloi federazioak partidak ez jokatzearen aldeko iritzia plazaratu.
Hori horrela, FIBAri adierazi diote Israelek genozidioarekin jarraitzen duen bitartean, bertako taldeek ez luketela nazioarteko txapelketetan jokatu beharko. Ondorioz, Gernika Palestinarekin bat. Genozidioaren zuriketarik EZ! lelopean, hurrengo barikurako [azaroak 21] eta azaroaren 27rako (eguena) mobilizazioak deitu dituzte, Merkuriotik, 19:00etan hasita, “Gernikako herriak Palestinarekin konpromisoa azaltzen duelako”.
“Herri baten suntsiketa eta desagerpena sustatzen duen estatu bateko kirol taldeak zigortu egin beharko lituzkete, kasu honetan, FIBAk”
“Multzokako sailkapenaren berri eman zenean, Israelek Palestinako herriaren aurka, eta bereziki Gazan gauzatzen ari den genozidioaren aurrean, partidak ez jokatzearen aldeko iritzia plazaratu zuten udalerriko saskibaloi taldeko zein emakumeen saskibaloi federazioko kideek, eta begi onez hartu genituen iritziak”, jakinarazi dute. Horregatik, eta FIBAk partidak aurrera eroateko eta jokatzeko asmoa azaldu zuenez, herri ekimeneko kideek argitu dute herri baten suntsiketa eta desagerpena sustatzen duen estatu bateko kirol taldeak “zigortu egin beharko lituzketela” dagozkien erakundeek: “Kasu honetan, FIBAk. Beraz, Elitzur Ramla taldeak Eurocup Womenetik kanpo egon behar luke”.

Gernika-Palestinak deitutako agerraldia.
Gernikak ezin du “genozidio baten zuriketarik onartu”. Izan ere, gogoratu dute 68.000 hildako daudela, eta horietatik 20.000 inguru umeak direla, Unicefen datuen arabera. Era berean, 170.000 zauritu baino gehiago zenbatu dituzte, baita 14.000 desagertu inguru —horietako 1.200 osasun langileak dira eta 250 kazetariak— ere. Gainera, UNRWA agentziako 250 langile baino gehiago erail dituzte, eta ia bi milioi desplazatu daude Palestinan: “Lurraldea ia guztiz suntsituta dago, eta oinarrizko beharrizanak erabat urratuta dituzte. Nazio Batuen Erakundeak baieztatu duen modura, Palestinan genozidio bat eragiten ari da Israel, eta indarrean luzaro jarraitzeko arrisku handia dago”.
“Bakoitzak —instituzioek, kirol taldeek, eragileek eta elkarteek— bere erantzukizun mailatik, elkarlanean, baina konpromisoak hartzeko garaia da”
“Memoriadun herria”.
Gernika “memoria duen herria” denez, Palestinarekin batera daudela berretsi dute herritarrek, gaurko agerraldian, baita herri ekimenaren deialdiarekin atxikimendua adierazi duten eragileek ere: “Gernikako bonbardaketaren herria gara, eta lehen eskutik ezagutzen ditugu suntsipenaren ondorioak. Gernika berririk ez dugula nahi oihukatzeko beharra dugu. Ezin dugu horrelakorik onartu”. Horregatik, egiteko asko dagoela jakinda, “bakoitzak —instituzioek, kirol taldeek, eragileek eta elkarteek— bere erantzukizun mailatik, elkarlanean, baina konpromisoak hartzeko garaia” dela uste, eta halaxe aldarrikatu dute: “Ezin dugu ez ikusiarena egin”.
Atxikimendua adierazi duten eragileak
|
Gernika Memoriaren Guggenheim Urdaibai STOP BaSOS. Ernai Gernika Gatibu (musika taldea) Mikosis (musika taldea) Etxalde Lilibertso GernikaLuma |
Ikama Gernika Enbata EH Bildu Astra Gernika Rugby taldea LAB Gernikako Sare feminista Bullets of Misery Barruti eskolako gurasoen elkartea Hitza Goizale |
Sortu Kalaxka Gozokidenda Busturialdeko Pentsiodun Mugimendua (EHPM) Saharauiar emakumeen koordinadora Ongi etorri errefuxiatuak Gernika Sporting Futbol Taldea Seber Altube ikastola Busturialdeko AEK Harrera elkartea Urdaibai Kantagunea |
Mobidu Arrolape mendi taldea Ankurkulu etxebizitza kooperatiba Libera denda Kalapitaka folk eta rock akademia Ideasur Allende Salazar Herri Eskola Inner (musika taldea) Busturialdeko AEK Gernika Atletismo Taldea Gernikako Lobak Gernikatik Mundura San Fidel Ikastola |
Sueder Tooth KW! Zuga Effectus The Riff Truckers APA PicatSOS Gernika taldea Liburutegiko irakurle txokoa Txitatoki zirku eskola Tukatukada Batukada taldea Elai Alai dantzari taldea Gernika Batzordea Gernika Gogoratuz Barrutialde Lanbide Heziketa Gernikako institutua |