Lauaxetaren ametsen ibilbidearen baitan
'Lauaxeta, ametsen egilea' erakusketa ikusgai dago Gernika-Lumoko Kultur Etxean, azaroaren 21era (barikua) bitartean. 10 panelen bidez, bere bizitzari buruzko pasarteak hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen du erakusketak.
Estepan Urkiaga Lauaxeta Laukizen jaiotako poetari buruzko Lauaxeta, ametsen egilea erakusketa ikusgai dago Gernika-Lumoko Kultur Etxeko Ricardo Abaunza erakusgelan, eta bisitatu gura dutenek azaroaren 21era (barikua) arte dute horretarako aukera.
10 panelen bidez, bere bizitzari buruzko pasarteak hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen du erakusketak. Izan ere, bizitzan izan zituen ametsak jaso dituzte: poesiaren ideala, kazetaritzen agerturiko asmoa, kultura eraberritzeko nahia, gizartea aldatzeko ahalegina… Eta, kontakizun horri esker, bere biografia osatu eta poetaren harreman sareak deskribatu dituzte, baita bere eguneroko bizitzan eta bere joera politikoan sakondu ere. Gainera, Euzko Gaztedi erakundeko zein Emakume Abertzale Batzako kideekin izan zuen hartu emana ere bildu dute erakusketan.

“Garai hartako poetek poesia aldatu nahi zuten, eta era berean, mundua aldatu ere bai. Horregatik da hain garrantzitsua bere ametsen ibilbidea egitea”, azaldu dute Euskal Abertzaletasunaren Museoko erakusketaren arduradunek. Ze, diotenez, euskal poesiaren berrikuntza ekarri zuen Lauaxetak: “Bide barrijak liburua argitaratu zuen, 1931n, euskal poesiaren norabidea modernitatean jarriz eta Europako poesia garaikidea xede gisa aukeratuz. Joera horrek eztabaida biziak sortu zituen, tradizioa mantendu behar zela uste zutenen artean. Berak ere, klasizismoa maite zuen, eta horren isla dira aldizkarietan agerturiko poemak”.
Eta, hori guztia argazkien eta dokumentuen argazkien bitartez helarazi dute arduradunek, horietako dokumentu batzuk, dokumentu berriak direla nabarmenduta, “nahiz eta haren inguruko material gutxi egon”. Ageri diren dokumentu berrien artean, mitinetako iragarki ezezagunak ikus daitezke, baita Arrats Beran liburuaren originala edota 1938ko otsailean Bartzelonako Euzkadi egunkarian eusko idazleen egin zioten omenaldia ere.

Gainera, kartzelan sartu zenean egin zioten sarrera orria eta epaiketaren zenbait testu eta agiri ere ageri dira, tartean heriotza sententzia. Izan ere, Alemanen hegazkinek Gernika bonbaz desegin ostean, apirilaren 29an, Lauaxetak Georges Berniard —La Petite Gironde— egunkariko kazetaria lagundu zuen triskantza ikustera, eta Gernikan harrapatu zuten tropa frankistek. Gasteizen izan zuten atxilotuta, eta maiatzean epaitu zuen epaile batek, eta maiatzaren 15erako heriotza zigorra ezarri zioten. Kartzelan zegoen aldi horretan, poetak Kartzelako poemak idatzi zituen. Azkenean, 1937ko ekainaren 25ean fusilatu zuten Lauaxeta, goizaldeko 05:30ean, Gasteizko Santa Isabel hilerriko hormen kontra.
Hala ere, haren eraginak presentzia du gaurko garaian ere. Era bitakoa izan da Lauxetaren eragina euskal literaturan: gerra ostean, bere poesiaren oihartzunak ageri dira haren jarraitzaileen artean, poeta sinbolisten artean, haren gaiak eta sinbologiak hartu baitzituzten kontutan; demokrazia garaian, aldiz, bere bizitzaren, heriotzaren eta batez ere bere irudiaren alde sinbolikoek hartu zuten sorkuntza eremua.
