1940a orduko jaiotako emakumeei omenaldia
Katillotxu Mundakako Emakumeen Elkartea 1940a orduko jaiotako emakume mundakarren argazkiak biltzen ari da, herriko emakumezkoak omentzeko. Abenduaren 15era bitarteko epea dago, argazkiak bidaltzeko.
Katillotxu Mundakako Emakumeen Elkartea mundakar emakumezkoei “dagokien omenaldia” egin guran dabil. Hain zuzen ere, elkartekideek abian ipini dute 1940. urtean edo lehenago jaiotako udalerriko emakumeen argazki bilketa. Elkartearen mende laurdeneko ibilbidea omentzea dago egitasmoaren jatorrian: “2026. urtean 25 urte beteko ditu elkarteak, eta efemeride hori aprobetxatu gura genuen, atzoko eta gaurko emakumeak omentzeko”. Argazkietako emakumeak “Mundakan jaioak edo Mundakagaz erlazioa daukatenak” izan beharko dira. Argazkiak aurkezteagaz batera, haien urtea eta bertan ageri direnen izen-abizenak zehaztea eskatu dute.
Abenduaren 15a izango da argazki historikoak jasotzeko epemuga, eta herritarrek bide bi dituzte horretarako: alde batetik, katillotxu.elkartea@gmail.com posta elektronikora idatz dezakete; bestetik, J.M. Etxeita Udal Liburutegian aurkez ditzakete, bertan eskaneatuak izan daitezen, ostean ugazabei bueltatzeko. Hurrengo urtean, bildutako argazki sortagaz erakusketa egitea dute gogoan: “Printzipioz M8aren testuinguruan egingo dugu, eta Aste Santu ostera arte ikusgai egotea da asmoa”. Halaber, iragarri dute erakusketa urtero-urtero egitea “ez dagoela helburuen artean”: “Lan handia eskatzen du tankerako bilketak nahiz erakusketak antolatzeak, baian urteurrenak pena merezi du; horrenbestez, herritarrei parte hartzeko deialdia luzatzen diegu”.