Udalak Sollube Ganeko proiektuagaz erakutsitako "gardentasun falta" salatu du EAJk
Alderdi jeltzaleak parke eolikoaren proiektuaren planteamenduagaz bat ez datozela eta Sollube Ganeko proiektuari alegazioak aurkeztu dizkiotela iragarri du. Hala ere, "elkarrizketarako prest" agertu dira.
Bermeoko EAJk udal gobernu taldeak Sollube Gane parke eolikoari dagokionez erakutsitako “gardentasun falta” salatu du. EH Bildu eta Guzanek urriaren 30eko osoko bilkuran SOS Sollube herri plataformak azaroaren 4ean eskainiko zuen informazio bilerara gonbidatu zituzten bermeotarrak, eta jeltzaleak gaiaren berri emateko modugaz desados agertu dira: “Hori al da hilabeteak galdezka ibili garen gai baten berri emateko modua? Non dago gobernu taldeak hainbeste aipatzen duen gardentasuna?”, itaundu du Ainhoa Jayo EAJko zinegotziak.
Horrez gain, Bermeoko Udalak irailaren 18tik zabalik gaur arte [azaroak 12] dagoen alegazioak aurkezteko epearen berri urriaren 31n eman izan ere salatu dute, herritarrenganako “erabateko errespetu falta” baita: “Nahikoa da! Bermeok konpromisoa eta zorroztasuna behar ditu. EH Bilduren eta Guzanen gobernatzeko modua inertzian oinarrituta dago, ekimenik eta ordenarik gabe”.
Alegazioak, erregistratuta.
Lanerako “denbora gutxi” izan badute ere, “Euskadik herrialde gisa energia berriztagarriak bultzatzeko lan egiteko duen beharra defendatuz, baina ez edozein preziotan”, EAJtik Sollube Ganeko proiektuari alegazioak aurkeztu dizkiotela iragarri du. Parke eolikoaren planteamenduagaz bat ez badatoz ere, elkarrizketarako prest dauela adierazi du: “Berriro diogu Bizkaiaren eta Euskadiren hazkundea bultzatzeko elkarrizketarako prest gaudela, baina horrek ez du esan nahi bermeotarren ongizatea baldintzatuko dugunik”.
Hala, alegazioetan parke eolikoaren proiektua landa-guneetatik gertu dagoela azpimarratu dute, batez ere Mañu auzoitik, non errotak “baserrietatik 500 metrora” kokatu nahi diren: “Hurbiltasunhori bateraezina izan daiteke bizilagunen segurtasunarekin eta ongizatearekin, zaratak, infrasoinuak eta bibrazioak eragiten dituelako”.
Era berean, Bermeok “gero eta nekazaritza-turismo eta ustiategi jasangarri gehiago” dituela eta, parke eoliko industrial bat jartzea ahalegin horiekin bat ez datorrela zehaztu dute, “paisaia-erakargarritasuna eta natura-ingurunearen mende dauden turismo eta nekazaritza jardueretarako pizgarriak galtzea” eragin dezakeelako. Paisaiarekiko inpaktua eta inpaktu bisuala ere aipatu dituzte jeltzaleek alegazioetan; izan ere, haize-sorgailuak ikuspen handiko eremuetan kokatu gura dituzte, eta horrek “paisaia erakargarritasuna galtzea” suposatu dezake. Horregatik, ikusizko azterketa osagarri bat egitea eskatu dute, besteak beste honakoak jasoko dituena: ikuspen handieneko puntu guztiak, altuera murrizteko edo dorreak partzialki birkokatzeko alternatiben balorazioa, paisaian integratzeko neurriak eta udalerriaren ikusizko pertzepzioaren urteko jarraipena.
Eskaerak.
Aurkeztutako alegazioetan hainbat eskaera txertatu dituzte jeltzaileek, esaterako, proiektuaren eragin-eremua Urdaibaiko Biosfera Errserbako hegaztien migrazio-ibilbildean sartzen denez, gutxienez bi urte naturaleko jarraipen-kanpainak, aldi baterako arintze-neurriak eta inguruko beste parke eoliko batzuen inpaktuaren ebaluazioa egitea.
Horrez gain, arkeologia eta kultura ondarerako “intereserako hainbat gune” identifikatu direla zehaztu dute, eta horregatik, “prospekzio arkeologiko gehiago” egin eta Sollube Ganeko parke eolikoko lanen fasean arkeologo bat egotea eskatu dute. Gainera, eraikuntza fasean trafiko astuna handitu daitekeenez, “trafikoa kudeatzeko plan bat” eskatu dute, bizilagunen segurtasuna eta sortu daitezkeen kalteen konponketa bermatuta egon dadin.